Pilota

Ezkurdia eta Altuna gustura agertu dira pilotekin, eta kezka agertu dute pilotalekuarengatik

Joseba Ezkurdiak pilota biziagoak aukeratu ditu lau eta erdiko finalerako, Jokin Altunak hautatu dituenaren aldean. Frontoiko zorua oso bizia dela adierazi dute biek eta, ezker paretan, batzuetan, pilota arraro irteten dela.

Jokin Altuna lau eta erdiko txapelketako finalista, gaur, Nafarroa Arena pilotalekuan, finalerako pilota aukeraketan. IMANOL MAGRO EIZMENDI, @IMAGRETO
2018ko azaroaren 15a
07:10
Entzun

Bakoitzak bereak aurkitu ditu. Ezkurdiak pilota pixka bat biziagoak; sakearekin min egiteko aproposak. Altuna III.ak, berriz, aurkariarenak baino motelagoak. Biek balekoak jo dituzte lau eta erdiko finaleko saskian izango diren pilota guztiak, eta alde horretatik behintzat ez da arazorik izango.

Pilotei buruz esateko askorik ez dute izan, baina pilotalekuaz mintzatu dira bi finalistak. Lehenengoz hartuko du lau eta erdiko final bat Nafarroa Arenak, eta hori izango da berritasun handiena pilotarientzat. Biek nabarmendu dute kantxako lurra "oso bizia" dela, eta erasoko jokoari egingo diola mesede. Ezkurdiak Gasteizko Ogeta pilotalekuaren antza hartu dio Nafarroa Arenako zoruari, eta sakearekin min handia egiteko aproposa dela adierazi du. Bien iritziz, erabilera falta zaio oraindik frontoiari eta bertan partidak jokatu ahala hobetzen joango da.

Azpitik pilota bizi ibiliko da igandean, eta ezker paretan erne ibili beharko dute Altunak eta Ezkurdiak. Biek nabaritu dute pilota batzuetan arraro irteten dela ezker paretatik. Pilotak pareta jotzen duenean, hari heldu eta behera egiten duela adierazi dute.

Ikusminik ez da falta igandean. Horren adierazgarri, frontoiak gaur zuen itxura. 300 lagun inguru bildu dira gaur Nafarroa Arenan, pilota aukeraketa ikusteko. Aspaldi saldu ziren finalerako 3.000 sarrerak.

Faborito argirik ez da; ez behintzat, apustu zaleentzat. Dirua parean izango da partida hasieran, Altunaren aldeko joera txiki batekin. Ezkurdiak azaldu du azkenekoz Altunaren kontra aritu zenean baino joko hobearekin espero duela aurkaria. 22-10 irabazi zuen Arbizukoak. Orduz geroztik, Altunak gora egin duela nabarmendu du. Ezkurdia lasai dago eta ongi ari da prestatzen iganderako. Altunak ere gorputzaldi ona du. Ahaztuta du besoko lesioa, eta finalera txapelketako unerik onenean iritsi dela ziurtatu du.

Ezkurdiari eta Altunari eginiko elkarrizketak argitaratu ditu BERRIAk aste honetan. Finala nola ikusten duten azaldu dute biek:

"Buruak ez badu funtzionatzen, beste guztiak ez du funtzionatzen"

"Orain ez diot beldurrik partidak gogortzeari"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.