Parekatua uste zen finala, dirua ere parean atera da, baina partida ez da batere parekatua izan. Ezkurdia eta Zabaleta indartsu hasi dira, urdinak, aldiz, urduri eta ezinean, huts asko eginez, eta gorriek aldea hartu dute hasieratik. Eta, behin aldea hartuta, konfiantza gehiagorekin aritu dira txapeldunak.
Elezkano II eta Rezusta ezinean aritu dira partida osoan. Huts asko egin dute, ez dute asmatu aurkariei eusten, tantoak abaila bizian joan dira, eta konturatzerako sekulako aldea zegoen markagailuan. Jokoan bezalaxe.
Ezkurdia eta Zabaleta behetik gora joan dira txapelketan zehar, eta oso sendo agertu dira finalean, jokoarekin eta konfiantzarekin. Zabaletak bigarren txapela du binaka; Ezkurdiak, lehendabizikoa.