Bolada gozoa bizi du Joseba Ezkurdiak. Joko bizia darabil, eta partida ona jokatu zuen, atzo, Jokin Altuna lau eta erdiko egungo txapeldunaren aurka, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. 10ean utzi zuen. Ondorioz, finalerdietarako sailkatzea lortu duen lehen pilotaria da Arbizukoa (Nafarroa).
Jakina da Altuna ez dagoela bere garairik onenean, baina Ezkurdiak ez zion eman partida irabazteko aukera handirik. Konfiantzaz jokatu zuen, eta tantoa amaitzen asmatu zuen; 15 tanto egin zituen, eta ez zuen pilota bat bera ere galdu. Altunak 10 egin zituen, eta 7 galdu.
Ezkurdia A taldeko lehen postuan sailkatuko da. Talde horretako bigarren sailkatua nor izango den, berriz, hurrengo jardunaldian zehaztuko da, Altuna III.aren eta Victorren arteko partidan. Irabazlea izango da finalaren atarikoan. Aimar Olaizola sailkatzeko aukerarik gabe gelditu da.