Pilota

Ezkurdia lau eta erdiko txapeldun

17-22 irabazi du Arbizukoak. Dena airean izan da ia amaierara arte. Partida bizia bezain lehiatua jokatu dute bi pilotariek. Lehen zatian Ezkurdiak agindu badu ere, buelta ematea lortu du Altunak, eta estutasunak eragin dizkio Arbizukoari amaiera aldera.

Altuna, Ezkurdia eta Urrutikoetxea, gaurko sari banaketan. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko azaroaren 18a
11:54
Entzun

Altunarentzat izan da lehenengo sakea, eta hark egin ditu lehen bi tantoak. Huts batzuk egin ditu Ezkurdiak hasiera partean, baina partidan sartu ondoren, nagusitzen hasi da peloteoan. Launako berdinketaren ondoren, aurrea hartu du Arbizukoak (4-9), eta Altunak ezin izan du hamalaunako berdinketa lortu arte. Aurrea ere hartu dio tarte batez, baina Ezkurdia nagusitu zaio azkenean.

Botera jokatuz agindu du Arbizukoak, Altunari airerako aukera kenduz. Amaiera estuak kudeatzea ez da izan orain arte Ezkurdiaren indargunea, askotan entzun duenez. Gaur, ordea, konfiantzaz aritu da hasieratik amaierara, Altunak estu hartu duenean ere.

Altuna abila da airez, baina gaur ezin izan du nahi beste jokatu, Ezkurdiak egindako lanaren ondorioz; hirugarren koadrotik atzera eduki du sarri Amezketakoa. Ezker pareta bilatu dute biek, baina bizi irteten zen pilota. Lan erdietara lau tantoren aldearekin iritsi da Ezkurdia (7-11), baina estuago hartu du gero Altunak. 12-14 zihoazenean, atsedena eskatu du Ezkurdiak, baina sakea baliatuta, aurrea hartzea lortu du azkenean Amezketakoak. Partidako tantorik onena jokatuta, 15-14 aurretik jarri da Altuna.

Sakea baliatu du Arbizukoak ere. Bi tantore aldearekin (16-18) joan da Ezkurdia bigarren atsedenaldi luzera. Tanto batera ere jarri da Altuna, baina ez du lortu aurrea hartzea. Azkenean, 17-22 irabazi du Ezkurdiak.

"Ezkurdia honi aurre egiteko asko jokatu behar da. Alde handia egin da abiaduran, eta ez naiz eroso egon une batean ere", esan du Altunak partidaren amaieran. "Ez dut pilotalekuari buruz hitz egin nahi, bero nago. Ikusi da nola hiru pilota gainera etorri zaizkidan. Baina ez da aitzakia". Ezkurdiak, berriz, konfiantzaz aritu dela baieztatu du: "Amaiera estuan ez da agertu mamurik. Banekien amaiera estua izango zela eta halakoak jokatzen ikasteko egin dut lan".

Giro ederra izan dute Nafarroa Arenan; han zen, besteak beste, Nafarroako lehendakari Uxue Barkos. Altsasuko gazteen aldeko oihuak ere izan dira Nafarroa Arenan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.