PILOTA

Ezkurdiak eta Altuna III.ak gustuko pilotak topatu dituzte

Ezkurdiak Altuna III.ak baino pilota biziagoak aukeratu ditu. Biek esan dute nahi baino gutxiago entrenatu direla Nafarroa Arena pilotalekuan.

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, pilotak aukeratu berritan. IñIGO URIZ / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko azaroaren 14a
13:57
Entzun

Igandean, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan, lau eta erdiko finala jokatu aurreko azken egitekoa bete dute gaur Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak. Pilotak aukeratu dituzte, eta biak ala biak konforme azaldu dira saskian aurkitu duten materialarekin. Ez da finalerdietakoa gertatu. Orduan, Ezkurdiari ez zitzaizkion batere gustatu Erik Jakaren aurkako neurketarako aukeran zeuden pilotak. Gaur, ordea, ez dute desadostasunik izan. Aldiz, egon dira aldeak batek eta besteak hautatutakoen artean. Ezkurdiak Altuna III.ak baino pilota biziagoak aukeratu ditu; hala ere, arbizuarrak zehaztu du biziena saskian utzi duela. Amezketarrak, berriz, esan du bere pilotak «jokatzeko aproposagoak» direla.

Ezkurdiak eta Altuna III.ak bigarren urtez jarraian jokatuko dute lau eta erdiko finala. Iaz, Ezkurdiak irabazi zuen (22-17), baina ez batek ez besteak ez dio garrantzirik eman nahi horri. Biek nabarmendu dute beste txapelketa bat dela. Baina azpimarratu dute «hobeto» ezagutzen dutela elkar. Ados daude biak: «erritmo bizia» izango da neurketako gakoa.

Iaz bezala, Nafarroa Arena pilotalekuan jokatutako dute finala, eta, horren harira, biek adierazi dute «nahi baino gutxiago» entrenatu direla bertan. Hala ere, aldea sumatu dute iaztik hona; haien arabera, orain ezkerparetak ez du horren «bote arrarorik» egiten, eta horrek esan nahi du pixkana-pixkana pilotalekua «egiten» hasi dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.