ERREMONTEA

Ezkurra estuago hartzeko

Finalerdietako ligaxka izango da aurtengo Buruz Buruko Txapelketaren berritasunetako bat

enekoitz telleria sarriegi
DONOSTIA
2003ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Berritasunak» izango zirela iragarri zuten Remonte 2000 enpresako arduradunek bezperan, eta agindutakoari eutsi zioten atzo aurkezpenean. Casino Kursaal Buruz Buruko Erremonte Txapelketa ostegunean hasiko da, Galarretan. Aurreko urteetan ez bezala, hiru multzotan banatuta jokatuko dute txapelketako 10 pilotariek; aurreko urteetan ez bezala, txapeldunak ez du eskailerako azken mailan zain egon beharko, eta final-laurdenetan hasiko da jokatzen; aurreko urteetan ez bezala, finalerdietako ligaxka jokatu beharko dute multzo bakoitzeko onenek; eta aurreko urteetan ez bezala, 30 tantora jokatuko dira partida guztiak, finala kenduta: hura 35era jokatuko da.

Remonte 2000 enpresako Juan Antonio Ercilla buruak, Miguel Zestau intendenteak eta Xabi Franchez komunikazio arduradunak eman zuten txapelketaren berri. Casino Kursaaleko Odon Elorza eta Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente Mikel Amenabar izan zituzten alboan, eta txapelketan parte hartuko duten 10 pilotariak atzean. Buruz buruko txapelketa babesteko lortu duten akordioa goratu eta urte askoan irauteko euren itxaropena agertu zuten bi enpresetako ordezkariek. Erremonteko enpresaren funtzionamendua nabarmendu zuen Gipuzkoko Federazioko presi- denteak «euren pilotariak sortuz joaten direlako pixkanaka-pixkanaka», baina Federazioarekin dituzten harremanak jorratu beharra gogorarazi zien hurrena. Miguel Zestau intendenteak eman zituen txapelketari buruzko xehetasunak. «Berritasun dezente ditu aurtengoak. Pilotariak hiru multzotan banatu ditugu, onenak bertan arituko dira, eta C multzoa lau pilotarirekin osatu dugu oso zaila egiten zitzaigulako norbait kanpoan uztea. Ligaxka, aldiz, berreskuratu egin dugu txapelketa aurreneko urteetan horrela jokatzen baitzen. Oso itxura ona dauka ligaxka horrek», azaldu zuen intendente nafarrak. Lehen fasean ez dela atzerapenik onartuko ere argitu zuen Zestauk, baina finalerdietako ligaxkan eta finalean bai.

Ezkurrak onartu du arrisku handiagoa duela orain

Lehiaketa sistema berriak kalte gehien egin dion pilotaria Koteto Ezkurra txapelduna da zazpi aldiz irabazi du buruz buruko txapela. Zortzigarrena janzteko ere Doneztebekoa da faborito nagusia, ohi bezala, eta «erantzukizunari aurre egiteko prest» agertu zen atzo. Onartu zuen, dena dela, lehiaketa sistema berriak arrisku gehiago dakartzala berarentzat. «Enpresarekin hitz egin eta jakinarazi zidan aurtengoak sistema berria izan zuela. Izan genituen gure eztabaidak, badakit niretzat ez dela erosoa izango, bere arriskuak dituela, baina ez dago beste munduko eragozpenik ere», onartu zuen.

Finala ez beste partida guztiak 30era jokatuko direla atzo jakin zuen Ezkurrak, eta onartu zuen nahiago duela berak partidak 35era jokatu. Ezustekoren bat baztertu gabe, aitortu zuen Lizaso eta Zeberio II.a izango direla arerio gogorrenak.

 

BINAKAKO TORNEOA



 

Casino Kursaal Torneoa, gazteen aldeko apustua





San Fermin Torneoan pilotari gazteenekin antolatutako torneoak izan zuen arrakasta ikusita, Binakako Casino Kursaal Torneoa antolatu dute aurten lehen aldiz. Astelehenetan eta astearteetan jokatuko dira partidak, abuztuaren 25ean eta 27an finalerdiak, eta irailaren 6an finala, buruz burukoarekin batera. Bi multzotan banatuta arituko dira zortzi bikote. A multzoan: Matxin IV.a-Aizpurua, Uterga-Lander, Iturralde-Ion, Matxin III.a-Agirrezabala. B multzoan: Larrea-Urrutia, Matxin V.a-Badiola, Juaristi-Gaztelu, Zalakain-Olazar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.