Ezkurra eta Zeberio II.a aurrez aurre gaur, Kutxa torneoaren lehen finalerdian

Apustuak nafarraren alde aterako dira, baina Elduaingoak badu irabazteko aukera, «indartsu» dagoelako

jon eskudero
Donostia
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Kutxa torneoa ari da heltzen azken txanpara. Ezkurrak eta Zeberio II.ak gaur arratsaldean jokatuko dute lehenengo finalerdia, Galarretan. Finalerdi klasikoa izango da, garailea final preziatura pasatuko baita. 2008. urteaz geroztik buruz buru elkarren kontra aritu gabe daude biak —orduan Elduaingoak irabazi zuen, 35-32—, eta ikusi egin beharko da nola moldatzen diren. Dirua nafarraren alde aterako da, txapelketako lehen norgehiagoka izango duen arren: «Akaso, lehen zortzi tantoetan izan dezake horrek eragina, baina urduritasunak alde egitean badakit nirea ongi emango dudala», aitortu du aste honetan Ezkurrak. 11 aldiz jantzi du buruz buruko txapela, eta beste bat lortzeko baikor dago. Hori bai, aurrean kontrario gogorra izango du, Zeberio II.a indartsu baitago: «Kantxara gozatzera aterako naiz. Ongi nago, eta orain arteko neurketetan bikain sentitu naiz». Azkenekoa Urrutiaren aurka jokatu zuen, eta 30-25 irabazi —tanto bakar batez sailkatu zen finalerdietarako—.

Eztabaidarik ez da faltako, Zeberio II.a kexu agertu baita gaurko partidan izango dituzten pilotekin: «Finalerdiekin batera badirudi interesak agertu direla. Orain arte pilota mota batekin aritu izan gara, eta orain aldatu egin dizkigute. Hain zuzen ere, iaz buruz burukoan erabilitakoak dira. Ez didate batere graziarik egiten». Banakako partida guztietan bezala, sakeak berebiziko garrantzia izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.