Joan zen apirilaren 22an hasi zen goma gaineko Ipar Euskal Herriko Xapelgoa, eta bihar amaituko da hilabete eta erdiren ondoren. Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) pilotalekuan jokatuko dira azken tiraldiak, Donapaleutik gertu (17:00). Hain justu 600, 680 eta pisu libreko finalak jokatuko dituzte, eta Itsasun orain dela bi aste bezala gertatzen bada saioa, gauez amaituko da.
Sailkapen fasean Ezpeletako Ñapurrak (Lapurdi) izan zen onena hiru pisuetan. Bigarren postuan Zuraide (Lapurdi) sailkatu zen 640koan eta Jutsi pisu librekoan. Beraz, espero da hiru talde horien artekoa izatea lehia nagusia txapelak janzteko. Bestalde, Itsasuko hiru finaletatik bitan Ñapurrak gailendu zen; hots, 420 kilokoan eta 640koan. Aitzitik, 720koan Jutsi (Nafarroa Beherea) izan zen txapelduna.
Nuarbe, Areso eta Getxo Suitzan lehiatuko dira
Suitzako Mosnang taldeak sortu zeneko 30. urteurrena betetzen du, eta, horregatik, nazioarteko torneoa antolatu du. Euskal Herriko hiru taldek onartu dute gonbita eta txapelketan ariko dira Nuarbe (Gipuzkoa), Areso (Nafarroa) eta Getxo (Bizkaia).
Butschwil herrian izango dira tiraldiak. Hiru pisuko txapelketan hartuko dute esku: 600, 640 eta 680 kilokoan. Bihar 600 eta 680 kilokoen txanda izango da eta igandean 640koena. Nuarbe eta Aresoko tiralari gehienek autobusez egingo dute bidaia, eta atzo 20:30ean irten ziren. Nuarbeko Urtuzaga, aldiz, gaur joango da hegazkinez, eta baita Getxokoak ere; bizkaitarrak 08:00etan irtengo dira.Nuarbek 11 tiralarirekin jardungo du, Aresok 13rekin eta Getxok 12rekin. Nuarbek eta Aresok 600 eta 640koan tiratuko dute eta Getxok 600 eta 680koan.Butschwilen Europako Txapelketa jokatu zen 2001ean, eta euskaldunek klubeka hartu zuten esku. Nuarbe txapeldunorde izan zen 640koan.
SOKATIRA
Ezpeletako Ñapurrak eta Jutsi aurrez aurre
Bihar amaituko da goma gaineko Ipar Euskal Herriko Xapelgoa Aiziritzen, eta hiru pisutako finalak jokatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu