Bizirik da Baskonia, edo, gutxienez, susperraldia izan du. Non, eta Real Madrilen etxean lortu du garaipena gaur, ACB ligako hemezortzigarren jardunaldian, bigarren itzuliko aurrenekoan. Inor gutxik espero zuen emaitza hori, Gasteizko taldea ez baitabil ondo denboraldi honetan. Asteon bertan, Euroligan, bi partidak galdu ditu, Errusian, Zenit azken sailkatuaren aurka lehendabizikoa, eta CSKA indartsuaren aurka bigarrengoa, herenegun bertan. Baina gaur, gai izan da Espainiako talderik ahaltsuena menderatzeko.
Ez da ondo hasi, hala ere, Dusko Ivanovicen taldea, 32-18 bukatu baita lehen laurdena. Defentsan ondo ez aritzeak zigortu du taldea zati horretan. Bigarrenean esnatu dira jokalariak, eta, behar den bezalako defentsa eginez, sei puntu bakarrik utzi dizkio sartzen etxeko taldeari bigarren laurden horretan. Arabarrek, aldiz, 21 sartu dituzte. Puntu bat gehiago zutela joan dira, hortaz, atsedenaldira (38-39).
Bigarren zatian ere ondo aritu dira Ivanovicenak, eta lau punturen aldea zeukaten azkeneko hamar minutuei ekiteko. Baina Real Madrilek partzial handia sartu dio, eta zazpi punturen aldea ere eduki du. Ematen zuen beste behin ere galdu egin behar zuela Baskoniak, baina azkeneko bost minutuak onak egin ditu, Stauskas, Henry eta Xengeliaren lanean oinarrituta. Fallek ere lagundu du, eta Pollonara italiarraren jardunak ere nabarmentzea merezi du: 12 puntu sartu eta bederatzi errebote hartu ditu 23 minututan. Baskoniaren saskiratzaile onena Henry izan da, 26 puntu egin baititu joko antolatzaileak. Hamargarren da orain sailkapenean.
Bilbo Basketen beste garaipen bat
Biribila izan da gaurko jardunaldia Euskal Herriko taldeentzat ACB ligan, Bilbo Basketek ere garaipena lortu baitu. Seigarrena du segidan, eta, hori lortzeko, Manresa menderatu behar izan du Miribillan (88-77). Sailkapenean bosgarren jarraitzeko balio dio gaurko garaipenak. Defentsako lan ona izan da lorpen horren oinarria, eta, erasoan, banatuta egon da uzta: Rafa Martinezek 13 puntu sartu ditu, Brownek eta Balvinek 12na, eta Lammersek 11.