Urtezahar egunean mahatsa jaten duenean Aimar Olaizolak nostalgiaz kenduko du egutegiko azken orrialdea. 2011 urtea ez du erraz ahaztuko. Belauneko lesio larriaren ondoren, eta 32 urterekin, bere ibilbideko urterik onenetarikoa izan daitekeena bete baitu. Hiru finaletarako sailkatu da, eta oraingoz txapel bat lortu du. Uda ere ona izan zen, azken txanpa bereziki, eta irailean aita izan zen.
«Berriz ere gorengo mailan jokatu ahal izango nuen ere ez nekien, eta begira…». Aimar Olaizolak bere beldurrak aitortu zizkion BERRIAri iragan martxoan, binakako finala jokatu aurretik. Belauneko lotailuek sei hilabetez urrundu zuten pilotalekuetatik, eta Goizuetakoak zalantzaz lepo ekin zion binakako txapelketari. Garai haietan inor gutxik esango zuen Olaizolak hurrengo hiru finaletarako sailkatuko zela. Hamahiru hilabetean herrenka ibiltzetik txapelketak dominatzera. Izan ditu bai, bi final jokaturiko urteak, baita uda onak ere, baina aurten sailkatu da aurrenekoz hiruetarako. Lau t'erdikoa jokatu edo ez, hura da urteko pilotaria.
Sasoiaren zalantzaren eraginez, bikote indartsua jarri zioten binakako txapelketan: Begino. Hasieratik ziren faborito, eta bikain ekin zioten. Lehen bost partidak jarraian irabazi zituzten, baina hala ere gero behera egin eta kostata sailkatu ziren finalerdietarako. Olaizolak apurka hartu zuen sasoia, eta finalerdietako bigarren partida jo zuen goia. Hiru aste geroago finalean erakustaldia eman zuen, ibilbideko binakako bigarren txapela lortuz. Finalean Beroizek Barriola ordezkatu zuen. Hiru finalek izan dute polemika edo atzerapenen bat.
Belauneko sentsazioak onak ziren, baina Olaizolak bere burua manomanistako txapelerako faborito zerrendatik atera zuen. «Buruz buru aritzeko oraindik falta zait, oso gogorra da». Ezkutaketan zebilela pentsa daiteke, bai behintzat gerora eman zuen maila ikusita. Lehenbizi eroso irabazi zion Merinori (22-5), gero Irujoren erritmo biziari aurre egiten jakin zuen (22-18) eta finalerdietan ez zion aukerarik eman Bengoetxeari (22-15). 35 egun pasa ziren finala jokatu zuenerako, eta Xalari «behar bezain beste» itxarongo ziola esan zion. Polemikari buruz galdetu ziotenean aurkariaren alde agertu zen beti. Finalean aurreratu zen ere bai, baina Xalak buruz buruko hirugarren txapeletik urrundu zuen.
Uda gozoa izan zen. Hasiera ez hainbeste, sanfermin torneoko finala jokatu arren, txapelketen karga sumatu zuelako. Gerora etorri ziren garaipenak Lekeitioko eta Sanmateoetako torneoetan. Udan jokatzen gozatu du. Irailaren 7a ere ere ez du ahaztuko, Irai jaio zelako, lehen semea. Egun hartan Ordizian jokatu eta 22-17 galdu zuen Olaizolak. Nabarmentzekoa da, era berean, Goizuetakoak ez duela oporrik izan urte osoan. Finalen atzerapenek eragotzi zizkioten, eta aitatasuna jaialdi gehien deduen egunetan iritsi zitzaizkion.
Hilabete gutxitan erabat aldatu zen zaleak Olaizolaren inguruan zuen iritzia. Belauna ondo zegoen, eta udazkenean lau t'erdiko irabazteko faborito zen. Duela bi urte Retegik kanporatu zuen eta iaz ez zuen jokatu. Hain gustuko duen distantziarekin adiskidetzeko aukera. Behe behetik hasi beharrean bigarren kanporaketan ekin zion txapelketari, eta Berasaluze VIII.a eta Gonzalez kanporatu zituen finalerdietarako bidean. Ligaxka Irujoren aurka galduz hasi zuen, baina hutsa konpondu zuen Xala eta Barriolaren aurka. Igandean beharko luke finala, berriz ere Bilbon. Urtea Miribillara joanez egin du Olaizola II.ak eta badirudi beste inork baino hobeto hartu diola neurria pilotalekuari.
Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala
Ezustean, urterik onena
Aimar Olaizola hiru finaletarako sailkatu da 2011n, bere ibilbidean aurrenekoz, eta bera izan zen udako pilotaririk onena. Belauneko lesio larria iraganeko kontua dela argi erakutsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu