Ezustearen ondoren

Derbian 15-16 irabazi ondotik Baiona indartuta atera da; Miarritze, ordea, maldan behera hasi da

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ikusmina eta ezustea. Ikusmina piztu zuen Miarritzek eta Baionak herenegun Aguileran jokatutako euskal derbiak, eta ezustearekin bukatu zen. Derbiak estuak izaten dira, eta taldeen arteko mailak orekatu ohi dira. Partidaren gidoiak ere ikusminean eta ezustean eragin zuen. Partida osoan aitzinetik egon ondoren, 75. minutuan Miarritzek aitzina nola hartzen zion ikusi zuen Baionak (15-13). Baina partidako azken minutuan, eta legezko denbora agortuta, berriz aitzina hartu zuten baionarrek (15-16).

Partida aitzinetik egoera desberdinean zeuden Baiona eta Miarritze, eta partida ondotik ere egoera desberdinean daude bi taldeak. Atarikoan, Miarritze sasoiko zegoen, sailkapeneko lehen hiru postuetan, eta konfiantzaz. Baiona, aldiz, zurrunbiloan sartuta zegoen, zulotik nola atera ezin jakinda. Derbiaren ondotik, ordea, irribarreak baionarren ahoetan daude, eta buruko minak miarriztarrenak dira.

Igandekoarekin Miarritzek hiru partida galdu ditu jarraian, eta sasoi hasierako bolada ona eten du. «Oso ongi hasi genuen Top 14a, baina orain gauzak zail jartzen ari zaizkigu», onartu zuen Damien Traille Miarritzeko kapitainak porrotaren ondotik. Ogi zuriaren garaia bukatu zaio Miarritzeri, ogi zuriarena eta aurkari samurrena —Mont de Marsan eta Agenen aurka hasi zuen sasoia, eta pattal ari ziren Montpellier eta Tolosari irabazi zien—. Hurrengo astean Toulon Top 14ko aberats berria hartuko du, eta Clermontera joanen da gero. «Derbiko porrota ahantzi behar dugu, eta jokalariak datorren borrokarentzat prestatu behar dira orain», azaldu zuen Serge Blanco presidenteak, igande arratsaldean.

Blanco, epailearekin haserre

Partida galtzeaz harago, partidaren gidoia krudela izan zen Miarritzerentzat. Etxekoek baloia izan zuten ia beti (%67). Baionak defentsara mugatu zuen haren jokoa, plakaketen estatistikak erakusten duen bezala. Miarritzek 45 plakaketa egin zituen, eta Baionak 180tik gora. Baloia hainbeste eskuan izanda ere, entsegu aukera garbirik sortu ez izana kezkagarria da, parean Baionak sekulako defentsa egin bazuen ere.

Galtzeko moduak ere zalaparta sortu zuen. Serge Blancok oso haserre hitz egin zuen hedabideen aitzinean. Jokalariei eta entrenatzaileei prentsari adierazpenak egitea debekatu zien, eta berak egin zuen partidaren analisia. «Ez gara ongi aritu. Gogoa jarri dugu, baina gogoa ez da nahikoa. Miarritzek ez zuen galtzea merezi, Baionak galtzea merezi ez zuen bezala».

Epailearekin haserre agertu zen Blanco. Buruz buruko hizketaldi bat izan zuen harekin partida amaituta, eta hau erran zuen haren lanaren inguruan: «Gauza bitxiak ikusi ditut epaitzeko moduan. Baina, hobe da lasai egon, eta pentsatu epaile profesional batek epaitu gaituela».

Baionan, berriz, euforia da nagusi derbia irabazi ondotik. Garaipena besta handi bat egiteko aitzakia izan zen: «Ez dakizue zer ona den hau!», erran zuen David Roumieuk partida amaituta. Garaipenari esker, jaitsiera postuetatik atera da Lapurdiko hiriburuko taldea, eta aitzina begira ezarri nahi du. «Gure sasoiaren egiazko hastapena izan dadila gaurkoa», erran zuen Christian Lanta taldeko entrenatzaileak. Hurrengo larunbatean, Agen, jaitsiera postuetarako aurkari zuzena, jasoko du Baionak. Haizea hartzeko eta arrakastaren olatutxoan sartzeko parada du Baionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.