Ezusteko finala jokatuko dute gaur Alemaniak eta Poloniak Munduko Txapelketan. Ezustekoa, Polonia ariko baita. Inor gutxik espero zezakeen horrelakorik orain bi aste, txapelketa hasi zenean. Ez zen harritzekoa ere, Poloniak ez baitzuen ezertxo ere egin azken 25 urteetan, 1982an Alemaniako Errepublika Federalean jokatutako Munduko Txapelketan hirugarren izan zenetik. Ordutik, nora ezean zebilen, zabuka. Hamargarren iazko Europako Txapelketan, Suitzan; hori zen bere aurkezpen txartela Alemanian. Ezer gutxi.
Isil-isilik hasi zuen Poloniak txapelketa. Aise irabazi zituzten lehen bi partidak. Aurkari samurren aurka lortutako garaipenak izan ziren: Argentinaren eta Brasilen aurka. Horregatik jarraitzen zuten poloniarrek inoren arreta bereganatu gabe, oharkabean. Hirugarren partidan lortu zuten itzaletik irtetea. Alemania hartu zuten mendean (25-27), eta multzoko lehenak izan ziren, etxekoen aurretik. Beste horrenbeste egin zuten gero bigarren ligaxkan. Gaizki hasi zuten ligaxka, eta Frantziaren aurka galdu zuten. Porrot horrek, hala ere, ez zuen txakalaldirik eragin poloniarrengan. Akuilu izan zela esan daiteke ere, ordutik ez baitute partida bakar bat ere galdu, eta banan-banan ustez koska bat gorago zeuden taldeak hartu baitituzte mendean: Islandia, Tunisia eta Eslovenia bigarren ligaxkan; Errusia final-laurdenetan; eta Danimarka finalerdietan.
Poloniaren jarduna ahoz aho zebilen final-laurdenetara iritsi aurretik. Bogdan Wenta Bidasoako jokalari izandakoa zuku ederra ari zaio ateratzen jokalari gazteez osatutako taldeari. Baina Polonia ez da bakarrik gaztetasuna. Kalitatea ere badu, dirudien baino handiagoa. Ez da kasualitatea selekzioko hamasei jokalarietatik bederatzik Alemaniako Liga indartsuan jokatzea, erdiek baino gehiago. Gainera, inor ez da apaingarri bere taldean. Aitzitik, funtsezko jokalariak dira. Bieleckik, Tkaczykek eta Bartosz Jureckik Magdeburgoren bizkarrezurra osatzen dute; Szmalek eta Jurasikek, Kronau-Ostringerena; Marcin Lijewski jokalari garrantzitsua da Flensburgon... Eskarmentu handia dute guztiek, badakite zertan ari diren, eta ohituta daude milaka zaleren aurrean jokatzen, presiopean. Ezer gutxi dute galtzeko, gainera, aspaldi bete baitute helburua.
ZALEAK ALDE, PRESIOA KONTRA. Alemania finalerako sailkatu izanak inorgutxi harrapatu du ustekabean. Izan ere, txapela irabazteko lau faboritoetako bat zen, Kroaziarekin, Frantziarekin eta Espainiarekin batera. Etxean jokatuko zutela, horixe zen alemaniarrak goian egongo zirela esateko arrazoi nagusia. Eta txapelketan gertatutakoa ikusita, argi dago hori esaten zutenek bete-betean asmatu dutela.
Alemaniak oso joko praktikoa egin du, distirarik gabekoa, baina ezin eraginkorragoa. Une zail gutxi pasatu ditu, baina larri ibili denean -Frantziaren aurka batez ere, finalerdietan-, beti izan du zaleen babesa. Txapelketa Alemanian jokatu izan ez balitz, alemaniarrak ez ziren ziurrenik finalean izango. Bidean geratuko ziren, azken bi txapelketa garrantzitsuetan gertatu izan zaien bezala. Oraingoan, hala ere, etxean ari dira, eta ia 20.000 lagunen babesa izan dute partida garrantzitsuenetan. Zale alemaniarren lana, gainera, ez da izan euren selekzioa jo eta su animatzea bakarrik. Hain izan da handia harmailetan sortu duten giroa, presioa, epaileen lana baldintzatu dute zenbait partidatan, erabakigarrienetan batez ere, Espainiaren eta Frantziaren aurka. Gotorleku bilakatu dute Kolnarena pabiloia, eta Alemaniako selekzioak horri eutsi nahi dio nola edo hala, historian hirugarren aldiz Munduko Txapelketa irabazteko.
Baina gaurko partidak badu ezberdintasun bat Espainiaren eta Frantziaren aurkakoekin alderatuz. Bi partida horietan, alemaniarrak ez ziren faborito. Gaur, ordea, haiek dira faborito. Inor gutxik egiten du apustu Poloniaren alde. Ez da harritzekoa, ia 20.000 zaleren babesa izango baitu gaur etxeko taldea, eta hori abantaila handia da, erabakigarria kasik, orain arte ikusi ahal izan den bezala. Gutxitan izango du Alemaniak hain aukera bikaina txapela lortzeko. Horregatik dago dena prest festarako. Hozkailuan dago garagardoa, fresko, edateko prest, topa egiteko prest. Baina adi. Poloniak etxekoen festan sartu du muturra, eta behin etxeko atea irekita, barruraino sartu nahi du.
Ezusteko gonbidatua
Alemania eta Polonia izango dira aurrez aurre gaur, Munduko Eskubaloi Txapelketako finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu