IX. BERRIA Txapelketako lehen faseko laugarren eta azken kanporaketak jokatu ziren joan den asteburuan, Galdakaon eta Biriatun. Markinak eta Oberenak inongo arazorik gabe egin zuten final-zortzirenetarako urratsa. Bizkaitarrek Gernikako Arkupe kanporatu zuten, eta nafarrek Iparraldeko selekzioa.
Markina 2. Arkupe 1
KADETEAK
Zubikarai-Mendibe 13
Etxebarria-Esain 22
GAZTEAK
Albisu-Pujana 22
San Sebastian-Arrizabalaga 14
NAGUSIAK
Malax-Kastillo 22
Bilbao-Irusta 12
Galdakaoko pilotalekua leporaino bete zen Bizkaiko bi talderen arteko lehia ikusteko, iragan ostiralean. Kanporaketa parekatua izango zen itxura guztia zeukan, baina gazteen eta nagusien mailan lortutako garaipenei esker, Markinako taldea final-zortzirenetan ariko da. Zugarralde Nafarroako taldea izango du aurkari orduan, otsaileko azken asteburuan.
Ezusteko batekin hasi zen kadeteen arteko partida. Etxebarriak eta Esainek 22-13 hartu zituzten mendean Zubikarai eta Mendibe, egungo Bizkaiko txapeldunak. Nabarmentzekoa izan zen Etxebarria aurrelari gernikarrak egindako lana; hamabi tanto egin zituen guztira, horietatik sei sakez. Apenas egin zuen hutsik.
Jubeniletan, berriz, hasierako pronostiko guztiak bete egin ziren. Albisuk eta Pujanak 22 eta 14 irabazi zien San Sebastian eta Arrizabalagari. Markinarrak aurretik joan ziren markagailuan une oro. Arkupeko atzelariak, gainera, hutsegite asko egin zituen, eta, hein handi batean, berak baldintzatu zuen partidako azken emaitza. Nagusien mailako azken partidan erabakiko zen final-zortzirenetan ariko zen taldea. Malaxek eta Kastillok, baina, erraz irabazi zien Bilbao eta Irustari, 22-12. Kastillok lan bikaina egin zuen, pilota ezker hormara baztertuz. Irustak ere partida ona jokatu zuen, baina gehiegi nabaritu zuen Bilbaoren esperientzia falta, halako txapelketetan.
Iparralde 0. Oberena 3
KADETEAK
R. Mendi-X. Mendi 5
Espinal-Andueza 22
GAZTEAK
A. Mendi-Etxevers 16
Jaurena-Cordon 22
NAGUSIAK
Goñi-Agerre 4
Diaz-Okiñena 22
Hirutik hiru, eta ezusteko gutxi. Iruñeko Oberena pilota taldeak kadete, gazte zein nagusi mailako partidak irabazi zituen Iparraldeko selekzioaren aurka. Aise irabazi ere. Biriatuko pilotalekua izan zen bi taldeen arteko lehiaren lekuko, joan den larunbatean.
Kadeteen partida berehala erabaki zen, 25 minuturen bueltan. 22-5, Iker Espinal eta Xabier Anduezak erraz hartu zituzten mendean Xabi Mendi eta Roman Mendi lehengusuak. Espinalek lan txukuna egin zuen, eta bera izan zen partidako oreka hasieratik hautsi zuena. Hamabi tanto egin zituen guztira.
Gazteen mailako neurketa izan zen hiruretan parekatuena eta borrokatuena. David Cordon atzelariak eraman zuen partidaren zama guztia; nafarra ezin hobeto moldatu zen atzeko koadroetan. Hamargarren tantoraino berdintasuna izan zen nagusi, baina handik aurrera nafarrek euren legea ezarri zuten Biriatuko kantxan. Mendik eta Etxeversek ezin izan zuten askoz gehiago egin. Bi partida irabazita eta hirugarrena jokatzeko faltan, kanporaketa erabakita utzi zuen Oberenak. Lehen aldiz aurtengo BERRIA txapelketan.
Dena erabakita, nagusien mailako azken partidan ere erakustaldia eman zuen Iñigo Diaz eta Alvaro Okiñenak osatutako bikote nafarrak. Profesionaletan aritutakoa da Diaz, eta nabarmen geratu zen haren jokoan; hemeretzi tanto egin zituen denera, bost sakez. 22-4 hartu zituzten mendean Goñi eta Agerre.
IX. BERRIA Txapelketa
Ezusteko gutxi izan da
Oberenak eta Markinak egin dute aurrera IX. BERRIA Txapelketako laugarren kanporaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu