Ezustekoa eta logika finalera

Ivanovicek erraz irabazi dio Sharapovari, eta Henin iazko txapelduna izango du aurkari finalean

ION OLANO DONOSTIA
2007ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ezusteko galanta eman zuen atzo Ana Ivanovic serbiarrak, Roland Garroseko finalerdietan. Zuzen eta bortitz jokatuz, aise menderatu zuen Maria Sharapova errusiarra, WTA sailkapeneko bigarrena eta finalean izateko faborito nagusietarikoa. Bi set aski izan zituen Ivanovicek finalerako sailkatzeko, eta hiru joko baino ez zituen utzi errusiarraren esku. Ordu bat eta bost minutuan, Sharapovarenak egin zuen: 6-2 eta 6-1.

Zeru estaliarekin hasi zen partida, baina euri itxurak ez zuen tenislarien jokoa hoztu. Hasiera-hasieratik kolperik onenak jo zituzten biek ala biek. Ivanovic hasi zen indartsuen, tenis zelaiaren sakonetik kolpe gogorrak jo eta Sharapova alde batera eta bestera mugiaraziz. Birritan sakea apurtu, eta lehenengo seta poltsikoratu zuen serbiarrak. Hala, joko erakustaldiak jarraitu zuen bigarren setean. Bortitz atera zituen Ivanovicek sakeak, eta ongi mugitu zen zelaian. Sharapovari ez zion batere aukerarik utzi.

Roland Garroseko ezustekoa emandakoak 19 urte ditu, eta munduko zazpigarrena da WTA sailkapenean. Ana Ivanovic indartsu dabil lur harrotuan aurten. 12 partida jarraian irabazi ditu, eta hau da Grand Slameko final bat jokatuko duen lehen aldia. Sharapovak, ordea, ez du sasoirik onena aurtengoa. Ez du titulurik eskuratu denboraldi honetan errusiarrak. Gainera, badirudi Roland Garrosek ez duela Sharapova maite. Izan ere, egungo tenislari indartsuenetakoak ez du sekula lortu Pariseko finalean egotea.



LOGIKA NAGUSI. Beste finalista hiru aldiz nagusitu da Roland Garrosen, eta ez du set bat ere galdu aurten. Egungo txapelduna da, eta WTA sailkapeneko goren-gorenean dago, lehen postuan. Logikoa da, beraz, Justine Henin belgikarra finalean egotea. Eta hala izango da, atzo Jalena Jankovic serbiarra erraz azpiratuta (6-2 eta 6-2).

Partidak iraun zuen ordu eta hemeretzi minutuetan, Henin izan zen nagusi une oro. Ez zuen aparteko arazorik izan Jankovic garaitzeko, elkarren aurka jokatu duten bost aldietan bezala. Serbiarrak berak adierazi zuenez, «askoz hobeto» aritu zen atzo Henin. Egungo txapeldunak, berriz, zera esan zuen partida amaitzean: «Oso norgehiagoka zaila espero nuen, horregatik atera naiz hain kontzentratuta, eta joko ona atera zait». Izan ere, Jankovicek defenditu besterik ez zuen egiterik izan Heninen joko ziurraren aurka.

Era berean, belgikarrak aitortu zuen Roland Garroseko finala «egun handia» dela beti beretzat, eta aurtengoan zaila izango duela, Ivanovic beste finalderdian nagusitu zena «oso indartsu» ari delako.

Justine Heninek eta Ana Ivanovicek behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka. Orain bi urte izan zen, Varsoviako (Polonia) txapelketan. Orduko hartan Henin nagusitu zen, bi setetan. Bihar jokatuko den Roland Garroseko finalean, berriz, bietako batek irabaziko du: logika belgikarrak edo ezusteko serbiarrak.



Gaur jakingo da gizonezkoetan finalistak nor diren

«Nadal da lur harrotuan munduko tenislaririk onena, hori mundu guztiak daki». Novak Djokovicek esan du; hain zuzen, gaurko finalerdian Rafa Nadalen aurkaria izango denak. Carles Moyak, final-laurdenetan kanpoan gelditutakoak, argi dauka zein den Nadal garaitzeko formula: «Diktatu eta menderatu egin behar da Rafari irabazi nahi izanez gero, eta bost seteko partida batean, oso zaila da».

Bada, Djokovicek lortu zuen, Miamiko txapelketan. Dena den, Belgradekoak ez du askorik sinestu nahi: «Oraindik ez dut neure burua txapeldun ikusten Grand Slameko torneo batean, baina uste dut izan naitekeela».

Beste finalerdian, Roger Federer da faboritoa. Nikolai Davidenkoren aurka jokatuko du. ATPko lehen postuan dago Federer, eta indarrak neurtu dituzten zortzi aldietan lortu du garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.