Real Madrilek etxean jokatu dituen zazpi partidak irabazi ditu, eta Osasunak bolada hori eten nahi du gaur
asier legarda-ereño
Iruñea
Osasunak denboraldiko partidarik zailenetakoa du gaur iluntzean Santiago Bernabeun, Real Madrilen aurka. Bernd Schusterrek zuzentzen duen taldea oso sendo ari da sasoi honetan etxean, eta ia ezinezkoa dirudi Osasunak Madrilen (Espainia) punturen bat lortzea. Internet bidezko apustu etxeetan ere argi geratu da azken orduetan nor den faboritoa: Real Madrilen garaipenaren alde apustu egin nahi zuen orok jokatutako euro bakoitzeko 1,25 euro jasoko ditu espainiarrek irabaziz gero, berdinketaren alde apustu egin nahi duenak jokatutako euro bakoitzeko bost euro jasoko ditu asmatuz gero, eta Osasunaren garaipenaren alde apustu egiten duenak jokatutako euro bakoitzeko hamar euro irabaziko ditu, baldin eta Jose Angel Zigandaren taldeak ezustekoa ematen badu. Ligan, etxean jokatutako zazpi partidetan zazpi garaipen lortu dituzte Schusterren jokalariek. Eta badirudi Osasunak zereginik ez duela izango, are eta gutxiago gorritxoei Krutxaga, Puñal, Javi Garcia, Juanfran, Izquierdo, Pandiani, Nekunam eta Igotz Garde falta zaizkiela aintzat hartuz gero. Hala eta guztiz ere, Zigandak argi utzi zuen atzo zein den gorritxoen asmoa: «Ez gaude ezer oparitzeko moduan, eta irabaztera goaz Santiago Bernabeura», esan zuen Osasunako entrenatzaileak.
Hori bai, Larraintzarko entrenatzaileak berak ere onartu zuen ezustekoa izango litzatekeela Osasunak Real Madrilen zelaian punturen bat lortzea: «Ezustekoa izango litzateke, bai, baina punturen bat lortzeko itxaropenarekin goaz gu. Noren kontra jokatu behar dugun pentsatzerik ez daukagu, puntuak batzea eta sailkapenean gora egitea da gure helburua. Zaila izango dela jakin arren, motibazio ikaragarriarekin zelairatuko gara, eta ea lortzen dugun», adierazi zuen. Gorritxoen arduradunak ez du Real Madrilen zenbakiei gehiegi begiratzerik nahi: «Etxeko partida guztiak irabazi dituztela esanez erotzerik ez daukagu. Nik nire taldeari begiratzen diot, batik bat, eta partida ona jokatu nahi dut, Real Madrileko jokalariek baloiaren atzetik korrika egitea nahiko nuke, partida gogorra egitea, talde indartsu baten gisa aritzea, eta ahal den neurrian Real Madril zelaian estu hartu eta deseroso egotea. Liga hasieran baino askoz hobeto gaude gu ere une honetan, eta azken partidetako sentsazio onak berretsi nahiko nituzke Santiago Bernabeun», esan zuen gorritxoen entrenatzaileak.
Zigandak, dena dela, badaki Osasunak Santiago Bernabeun punturen bat eskuratu nahi badu lanak oso ondo egin beharko dituztela: «Helburua punturen bat lortzea da, baina, zalantzarik gabe, gauza asko ondo egin beharra dago horretarako, ezin dugu huts bakarra ere egin. Jokalari guztiek partida bikaina jokatu beharko dute zerbait eskuratu ahal izateko. Azken urteetako Real Madrilik onena izango dugu gaur aurrean, batik bat aurreko denboraldian Liga irabazita lortu duten irabazle senari kalitatea gehitu diotelako sasoi honetan», esan zuen Osasunako entrenatzaileak Madrilerako bidaia hasi aurretik Taxoaren emandako prentsaurrekoan.
SCHUSTER, OSASUNAREN BORRERO.Real Madrileko entrenatzaileak neurria hartuta dio Osasunari, Levanterekin zein Getaferekin gorritxoen aurka jokatutako ia partida guztietan Schusterren taldea nagusitu baitzen: Levanterekin sasoi bakarra egin zuen Schusterrek Lehen Mailan (2004-2005 denboraldia), eta Iruñean 0-1 irabazteaz gain, Valentzian 4-0 nagusitu zen Levante, nahiz eta sasoi amaieran Bigarren Mailara jaitsi zen. Getaferekin ere Schuster Osasunaren borrero bilakatu zen. Osasunak sailkapeneko laugarren postuan amaitu zuen sasoian, 2005-2006 denboraldian, Getafek hutsean berdindu zuen Madrilen gorritxoen aurka, eta bigarren itzulian espainiarrek 0-4 jipoitu zituzten nafarrak Iruñean. Aurreko denboraldian, are eta gehiago handitu zen Schusterren borrero ospea Iruñe aldean, gainera. Nafarroako Erresuman 0-2 irabaziz hasi zuen 2006-2007 denboraldia Getafek, eta bigarren itzuliko lehendabiziko norgehiagokan ere 2-0 nagusitu zen Schusterren taldea Osasunaren aurka. Gainera, Espainiako Kopako final-laurdenetan Getafek Osasuna kanporatu zuen: Getafek 3-0 irabazi zuen etxean, eta Osasunak, 1-0 Iruñean.