Emakumezkoetan ez zen Chapelarik azaldu, eta ezusteen aukera erabat deuseztu zuten lau faboritoek. Datozen bi igandeetan ondorengo ontziak ariko dira banderaren lehian: Zumaia, Getaria-Tolosa, San Juan eta Galizia.
Laurak ziren faboritoak, eta eguraldi petralak ere ez zituen kendu egoera horretatik. Zumaiak egin zuen denbora onena, denboraldiko nagusitasuna berretsiz. Ziabogan azkarrena izan zen, eta bueltan ere eutsi egin zion leku pribilegiatuari. Getaria-Tolosak egin zuen bigarren. Aurreneko luzean ere postu horretan zen, eta baita estropadaren amaieran ere. Itzuliko luze azkarrena beraiena izan zen. San Juan sailkatu zen hirugarren, lan ona osatuz. Lehen aldiz ariko da Kon- txako lehian. Estu ibili ziren Galiziarekin, hirugarren zeinek egin. Ziabogan, batera ziren, eta bukaeran, segundora ere ez zen iritsi euskal herritarren aldeko tartea. Galiziak osatu zuen laukoa. Ez zuen arazorik izan leku hori bermatzeko, Hibaikari, bosgarrena izan zen traineruaru, 31 segundo atera zizkiolako azkenerako.
Galiziako ordezkaria izan Amilibia ontzigilearen traineru berria erabili zuen bakarra. Meirak utzi dio, eta atzoko itsasoarekin baliatu bazuen, datozen bi igandeetan ere erabiliko duela pentsa daiteke.
Lau ontziek bete zuten helburu nagusia. Kontxan aritzeko aukerari heldu nahi zioten, eta lortu zuten. Itsasoaren egoerak kezka eragingo zien, ezusteak gertatzeko arriskua edo aukera hor zelako. Baina erakutsi zuten denboraldi osoan gertatu dena ez dela kasualitatea. Lau indartsuenak dira, eta bandera guztiak beraien artean banatu dituzte lehiaketa ofizialetan.
Bigarren luzean, estu
Orain, igandekoari begira jarriko dira. Datu hau kontuan hartzekoa izan daiteke: atzo, bigarren luzean, lau traineruak bi segundoren barruan sartu ziren. Itsasoa zegoen bezala, oso datu deigarria da. Iganderako, barea dago emanda, eta berdintasun hori azaltzeko egoki egongo da eguraldia. Atzoko emaitza baldintzatu zuena kanporanzko luzea izan zen, eta hor, denboraldi osoan bezala, Zumaiak hautsi zuen estropada. Hamabost segundo atera zizkion Getaria-Tolosari, eta hogeita hiruna San Juani eta Galiziari. Alde handiak dira, ikusirik nola berdindu zen lauren arteko lehia barruranzko luzean. Datu hori ere aintzat hartzekoa da datorrenari begira.
Arrauna. Kontxako Bandera
Ezusterik ez da izan emakumezkoen sailkatuen artean
Zumaia izan da azkarrena olatu artean, Getaria-Tolosa, San Juan eta Galiziako traineruen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu