F2005 auto berria, atzetik

Fernando Alonsok eta Jarno Trullik atzean utzi zuten Michael Schumacher atzoko sailkapen saioan

Laurentzi Garmendia
2005eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bahreingoa da Ferrariren F2005 autoak beste auto guztiekin korrituko duen lehen lasterketa. Hori eta hurrengoa, San Marinokoa, F2004M egokituarekin korritzekoak ziren, baina emaitza kaskarrak lortu zituzten Australian eta Malaysian. Ferrariren denborek hobera egin arren, Renault eta Toyota oso indartsu daude, Fernando Alonso eta Jarno Trulliri esker.

F2005 autoaren hastapenak ez ziren samurrak izan. Ia hilabetez probak egiten aritu dira, baina ostiralean Barrichelloren autoak arazo larri bat izan zuen, eta horrek mugatu egin zituen brasildarraren itzuliak. Abiadura aldagailu kaxaren errodamendu batek huts egin zuen, eta hori konpontzeko denbora behar zen, ezinezkoa zen momentuan egitea. Oraindik ordezko pieza gutxi ditu taldeak, eta, zoritxarrez, abiadura aldagailu berririk ez zuten.Taldeko mekanikariek gau osoan jardun zuten arazoa nolabait konpondu eta ordezkoa iritsi artean autoak nola edo hala iraun zezan. Baina konponketa eginda ere, taldea ez zen oso seguru, eta brasildarrak ez zuen pistarik zapaldu eguerdiko sailkatze saioan izan ezik. Hortaz, Barrichellok bost itzuli bakarrik eman ahal izan zituen sailkapen saioaren aurretik, apenas ezagutzen duen F2005 autoan. Michael Schumacherrek, ohi bezala, ez zuen arazo txikiena ere izan. Ferrarin sendotasuna oso desorekatua baitago.Schumacherrek konfiantza osoa du auto berrian, saio libreetan erakutsi zuen jarrera kontuan hartuta. Atzo goizean izandako azkenaurreko libreetan, kasu, azken bost minutuak falta zirela bakarrik irten zen pistara, ordura arteko berrogei minutuetan boxetan besteek egiten zutenari so egon ostean. Autoan sartu eta lau itzuli bakarrik eman zituen, eta ordu arteko denborarik onena lortu zuen. Segundo batetik gora atera zien gainerako guztiei.Benetako mailaren lehen neurketa atzo eguerdiko Q1 edo lehen sailkapen saioa izan zen. Pistara aurrena atera zirenek zikinagoa topatu zuten, haize handiagoa baitzebilen eta basamortuko harea barreiatu zuen pistan. Horrek Pedro de la Rosa kataluniarraren lana goraipatu behar luke, baldintza horietan Kimi Raikkonen taldekidearen denboratik oso gertu gelditu baitzen. Juan Pablo Montoya taldeko gidari titularraren ordez ari da De la Rosa lasterketa honetan, kolonbiarrak min hartu baitzuen tenisean jokatzen, bertsio ofizialaren arabera. Baina motokrosean ari zela dioten zurrumurruak ere zabaldu dira.Lehen hiru postuetan Alonso, Trulli eta Schumacher sailkatu ziren, eta gaurko pole-a horietako batek lortuko du. Tarteak ez dira handiak, baina horien atzetik dagoeneko segundo erdira daude Nick Heidfeld eta Giancarlo Fisichella. Halere, sailkapen saioak oso ondorio adierazgarriak utzi zituen. Zirkuituko hiru sektoreetan oso emaitza ezberdinak lortu zituen aurreneko hirukoteak.Alonsok lehen eta bigarren sektoreetan bigarrenean bereziki oinarritu zuen bere denbora onena, baina azken sektorean, azkarrena, hamargarren izan zen bakarrik. Schumacherrek antzeko egin zuen. Trullik, aldiz, maisuki egin zuen azken sektorea eta horrek aurreratzeko aukerak ematen dizkio. Azken sektorean, Toyota eta Williams-BMW izan ziren azkarrenak, motor indartsuenak dituztenak, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.