Katuxa tropeletik tiraka, Chris Froome (Sky) tropeltxoaren atzealdean sufritzen, Dan Martin (Garmin) erasoa jo eta jo... Faborito guztiak elkarrekin zihoazen Aralarko Done Mikel santutegira iristeko kilometro bakarra falta zenean. Baina orduantxe mugitu da, bigarrenez, Fabio Aru (Astana), eta, jendetzaren tartean hazita, garaipen handia lortu du italiarrak. Sei segundora iritsi dira Alejandro Valverde (Movistar), Joaquim Rodriguez (Katuxa) eta Alberto Contador (Tinkoff); zazpira Froome; hamahirura Rigoberto Uran (Omega); hamabostera Samuel Sanchez (BMC) eta Dan Martin...
Behin Elia Favilli (Lampre), Johan Le Bon (FDJ.fr), Pim Ligthart (Lotto) eta Vasil Kiryienka (Sky) eta Peio Bilbaoren (Caja Rural) ihesaldi saiakera bertan behera utzita (Kiryienkak iraun du gehien), tentsio handikoa izan da igoera, Dario Cataldo (Sky) bete-betean tropel buruan lanean ari zela, sufritzen hasi delako Froome. Tropelean sartu, atzean geratu, berriz gerturatu... Horrela egin du igoera guztia britainiarrak, baina, berrindartuta, faboritoen gurpilari pega-pega eginda helmugaratu da azkenerako. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketa handirik. Contadorrek jarraitzen du lider, hogei segundora dauka Valverde, 1.08ra Uran, 1.21era Froome, 1.35era Rodriguez, 1.52ra Samuel Sanchez, eta 2.13ra Aru.
Albiste txarra izan da gaurko etapan, bezperan gertatu bezala erori, sorbaldako eskapula hautsi eta ospitalera eraman behar izan dutelako Nairo Quintana (Movistar). Logroñon hasi eta bukatu, 12. etapa jokatuko da bihar, 166,4 kilometrokoa. Batere igoerarik gabe, aukera ona izango dute esprinterrek.