Hankaz gora amaitu da Espainiako Vuelta. Hiru aste harrigarri egin ditu Tom Dumoulinek (Giant), baina azkenaurreko etapan lehertu da liderra. Mikel Landaren (Astana) erritmo aldaketari erantzun ezinik geratu da herbeheretarra Morcuera lehen mailako mendatean gora, eta Astana su batean hasi da lanean une horretan. Landak lehenengo, eta ihesalditik atzera eginda Luis Leon Sanchezek eta Andrei Zeitsek gero, Madrilgo podiumeko goiko koskaraino igoarazi dute Fabio Aru. Ihesaldian inor sartu gabe, talde gisa huts egin du Giantek, eta horrek eman dio hauspoa Astanari.
Nairo Quintana (Movistar) eta Rafal Majkaren (Tinkoff) erasoek tentsio pixka bat sortu dute Astanan, baina dotore biribildu dute egina. Elkarlanean txukun, Joaquim Rodriguezi (Katuxa) bigarren postua kentzeko zorian egon da Majka, baina kataluniarrak eutsi egin dio, azkenerako, postu preziatuari.
Faboritoen arteko lehiaren aurretik, borroka polita izan da ihesaldian ere, eta garaipen harrigarria lortu du Ruben Plazak (Lampre). Bakar-bakarrik egin du etaparen zatirik handiena, eta Vueltako garaipena gehitu du Tourrekoari. Dumoulinen denbora galerarekin, Aru, Rodriguez eta Majka igoko dira bihar Madrilgo podiumera. Mikel Nievek (Sky) zazpigarren amaituko du Vuelta.