TXIRRINDULARITZA

Fabio Jakobsenek irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa

Txirrindulari herbeheretarra izan da azkarrena esprintean. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egongo lehen postuetan. Bihar, Javalambre mendate gogorrean amaituko da etapa. 

2019ko abuztuaren 27a
18:03
Entzun

Azkar eta bizi ibili beharra dago esprintetan. Ezertarako ez du balio pedalei azkar eragiteak erasoa berandu joz gero. Eta alderantziz, ezertarako ez du balio momentua ondo aukeratzeak gero indarrik eduki ezean. Bada, bi oinarri horietan onena izan da gaur Fabio Jakobsen herbeheretarra (Deneuninck-Quick Step), El Puigen (Herrialde Katalanak): azkarrena eta biziena izan da. Horri esker irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa.

Jakobsenek oso gertu izan du Sam Bennett (Bora) bezperako etapako irabazlea, baina irlandarrak gehiegi itxaron du gurpil onena aukeratzeko orduan, eta pedalei gogotik eragin dien arren, ez da nahikoa izan. Azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Maximilian Walscheid (Sunweb) sailkatu da hirugarren, eta Fernando Gaviria (UAE) laugarren. Ezinean dabil kolonbiarra. Jon Aberasturi ere (Caja Rural) esprintean sartu da, gutxienez bezperan lortutako laugarren postu bikaina berdintzeko asmoz, baina oraingoan ezin izan du aurrean sartu, eta bederatzigarren izan da.

Sailkapen nagusian, ez da izan aldaketarik lehen postuetan, eta Nicolas Rochek (Sunweb) segitzen du lider, Nairo Quintanaren (Movistar), Rigoberto Uranen (Education First) eta Mikel Nieveren aurretik.

Asteazkenean bosgarren etapa jokatuko dute, L’Eliana (Herrialde Katalanak) eta Javalambreko (Espainia) Behatoki Astrofisikoaren artean, 170,7 kilometrokoa. Vuelta irabazi nahi dutenen sasoia neurtzeko lehen test serioa izango da, Lehen Mailako mendate batean amaituko baita, Javalambrekoan. Inoiz ez dute igo Vueltan, eta horrek beti sortu ohi du tentsioa. Are gehiago haren datuei erreparatuta: 11,1 kilometroko igoera da, gogorra, batez beste %7,8ko pendiza baitu. Igoera klasikoa da, gainera, hots, kilometroek aurrera egin ahala, gero eta pikoagoa da aldapa. Hala, azken bost kilometroak dira gogorrenak: %10eko malda dute, eta %15eko zenbait aldapa. Horri guztiari, gainera, gehitu behar zaio Javalambreko hasierara iritsi aurretik txirrindulariek 160 kilometro inguru egin beharko dituztela, eta bidean bi mendate igo: hasieran, Alcublas Bigarren Mailakoa —5,9 kilometro eta %4,7—; eta lan erdietan, Fuente de Rubielos —4,8 km eta %5,7—. Aldeak egon daitezke, eta agerian geratu zein dagoen indartsu eta zein ez. Steven Kruijswijk (Jumbo) ez da izango lehian, gaur erretiratu egin baita, belauneko minez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.