Faborito argirik gabe

Larrazken honetako Munduko Kopa hurbiltzen ari delarik, parekotasun handiarekin hasiko da Sei Nazioen TorneoaTitulua lortzeko bi faborito ariko dira gaur estreinako partidan: Gales eta Ingalaterra

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Urteroko tradizioari jarraiki, otsaileko lehen egun hotzak jitearekin batera, Europako errugbi txapelketarik ospetsuena hasiko da. Urtero, kontinente zaharreko sei selekzio onenak nor gehiago aritzen dira, eta aurten ere, munduko errugbi lehiaketarik zaharrenak ateak irekiko ditu. Sei Nazioen Torneoaren txanda da.

Tradizio handiko lehia da torneo hori, eta bertan izaten den historiaren pisuak eta berekin batera dauden erritualtxoek berezi bilakatzen dute. Galesko zaleen kantuak, eskoziarren ereserkia, irlandarren grina, Twickenham edo Stade de France estadioen sona... herri bakoitzak bere berezitasuna ekartzen dio torneoari, eta urtero oso arrakastatsua izaten da.

Hala ere, aurtengo ekitaldia berezia izanen da. 1987az geroztik, errugbiak bere Munduko Kopa antolatzen du. Futbolaren ereduari jarraikiz, lau urtean behin jokatzen da Munduko Kopa, eta urteen poderioz, eliteko errugbiaren erreferentziazko txapelketa bilakatu da. Aurten, 2011 izanik, Munduko Kopa urtea da. Udazken honetan jokatuko da txapelketa, Zeelanda Berrian, eta nazioarteko egutegia horren inguruan antolatuko da.

Aurtengo torneoa Munduko Koparako azken errepikapen bat izanen da Europako selekzioentzat. Selekzio guztien helburua Zeelanda Berrira joanen diren30 jokalarien hezurdura osatzea da, eta pixkanaka udazkenari begira bakoitzaren estrategiak eta joko proiektua findu eta errepikatzea.

Egia errateko, galdera anitz daude Sei Nazioen Torneoaren atarian. Europako selekzioek zalantza dezente azaleratu dituzte, joan zen ekainean eta azaroan hego hemisferioko selekzioekin jokatutako partidetan. 1990eko eta 2000ko hamarkadetako Ingalaterra eta Frantziaren nagusitasuna pixkanaka apalduz joan da, Irlanda eta Galesen mesederako. Baina azken bi selekzio horiek ere ez daude sasoirik onenean. Parekotasun handia ikusten da denen artean, eta ez dago faborito argirik.

Eskozia, ezustea izan nahian

Azken sei hilabeteetan argi ikusi da hego hemisferioko Zeelanda Berria, Australia eta Hegoafrika Europako selekzioak baino gehiago direla. 2003az geroztik, bazirudien bi hemisferioen arteko zuloa txikituz joan zela, baina azken bi urteetan hego hemisferioa jaun eta jabe izaten ari da. Pentsa, Argentina ere Europako talde onenei erregularki irabazteko gai izan da —ekainean eta azaroan lau aldiz irabazi zien Frantziari eta Irlandari—. Galesek, Irlandak, Ingalaterrak eta Frantziak hego hemisferioko taldeen aurka jasotako jipoien ondorioz, galdera anitz zabaldu dira. Marc Lievremont Frantziako hautatzaileak Europa «munduko errugbiko bigarren mailan» dagoela erran zuen, azaroko partiden ondotik.

Europako erreferente guztiak ahul sumatzen dira. Frantzia, 2010eko garailea, krisi sakonean sartu da, ekainean Argentinak bi aldiz jipoitu baitzuen, eta azaroan Australiak errugbi lezioa eman baitzion. Ingalaterra formula ona asmatu ezinda dabil, Martin Johnson taldeko hautatzaile izendatu zuenetik. Irlandari O'Connell, Stringer, O'Driscoll edo Hayesen belaunaldiari txanda ematea kostatzen ari zaio. Gales, azkenik, goi mailan erregulartasunaren atzetik dabil, batzuetan bikain ari baita, baina, besteetan, arras gaizki.

Torneoaren atarian, beraz, inork ez du bere nagusitasuna inposatzerik izan. Selekzio indartsuenen pattalaldiarekin batera, baina, Eskoziaren suspertzea etorri da. Bera izan da ekain edo azaro honetan hego hemisferioko talde bati irabazteko gai izan den selekzio bakarra. Ekainean, Argentinari bi aldiz irabazi zion Buenos Airesen, eta azaroan Hegoafrika menderatu zuen etxean. Karduaren hamabostekoa-ren emaitza onek ikusmina piztu dute, eta hura izan daiteke aurten Sei Nazioetako ezusteko nagusia.

Neurri txikiago batean, Italia ere bere maila hobetzen ari da urterik urtera. Oraindik torneoko beste selekzioak baino koska bat beherago dago, baina geroz eta zailagoa izanen da Azzurri-eiirabaztea, eta lehia horretan ustekabeko bat edo beste eman dezakete Nick Malletek zuzendutako jokalariek.

Hainbeste zalantzaren erdian, torneoko lehen jardunaldia biziki interesgarria izanen da. Gau honetan jokatuko da lehen partida, Cardiffen, Gales eta Ingalaterraren artean, eta txapela janzteko bi hautagai horien maila nolakoa den ikusten ahalko da. Bihar, Irlandak bisita bihurria izanen du Italian, eta ikusi beharko da italiarren gorakada noraino iritsi den. Azkenik, Eskoziak lehen azterketa serioa izanen du, bere azken emaitzak kasualitatea izan diren ala ez egiaztatzeko. Iazko ekitaldian Grand Slamalortu zuen Frantziaren zelaian jokatuko dute eskoziarrek.

Azken partida hori ikustea interesgarria izanen da. Frantziako selekzioaren inguruan polemika dezente dago. Marc Lievremont eta Emile N'Tamack hautatzaileen inguruan kritika anitz entzun dira. Azken horiek oso kritika gogorrak bota dizkiete jokalariei, tartean Mathieu Bastareaud eta Florian Fritzi, eta, oro har, Tolosan ari diren jokalariei. Torneo txarra eginez geroz, litekeena da Frantziak hautatzailea aldatzea, eta presio handia izanen da bi hautatzaileen inguruan, bai eta Thiery Dusautoir kapitainaren sorbaldetan ere, azaroko partiden ondotik bere lidergoa ezbaian ezarria izan baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.