Faborito izatearen arriskua

Osasunak dena dauka alde, baina lehia garrantzitsua da gaurkoa kontrarioarentzat, eta argi ibili beharko dute gorritxoek

Iruñea
2010eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Osasunak eta Valladolidek 23 aldiz neurtu dituzte indarrak Iruñean Lehen Mailako norgehiagoketan, eta espainiarrek ez dute inoiz gorritxoen zelaian irabazi. Egia da sasoi batean Valladolidek Osasunari egindako bisita batean garaipena lortu zuela, baina partida hura ez zen Nafarroako hiriburuan jokatu, Arabakoan baizik. Sadar futbol zelaia ixtera derrigortu zuten Osasuna zigor baten erruz, eta erbestean, Mendizorrotzan, Valladoliden aurka jokatutako lehia hura galdu egin zuten nafarrek. Iruñean, ordea, 23 partidetatik hamasei Osasunak irabazi ditu, eta Valladolidek zazpi berdinketa eskuratu. Hori aintzat hartuta, eta sasoi honetan Valladolid Ligako talderik eskasenetakoa dela ikusita -hogeitabi partidatik hiru irabazita, jaitsiera postuetan da Onesimok entrenatutako taldea-, Osasuna faborito argia da gaur arratsaldeko lehiarako. Lehen itzulian Osasunak Valladoliden irabazi izanak ere nagusitasun hori berretsi besterik ez du egiten. Baina faborito izateak arrisku bat ere izaten du: zelaira irten aurretik partida irabazita dutela sinestea. Eta hori hala izanez gero, Valladolidek ezustekoa emateko aukera dezente izango du.

Sasoi honetan estutasunik ez igarotzeko etxeko partidetan kale ez egitea dela gakoa esan eta esan jardun dute aste honetan Osasunako jokalariek, dena dela. Eta Valladoliden aurka lasaiegi ez direla zelairatuko eman nahi izan dute aditzera. Partidaren garrantziaren jakitun, hasieratik Valladolid estu hartuko dutela aurreratu dute. Jose Antonio Camachok entrenatzaileak, esaterako, faborito hitza entzuterik ere ez zuen nahi atzo: «Dena eginda dagoela pentsatzea eta batere tentsiorik gabe zelairatzea da arriskurik handiena guretzat. Norgehiagoka orekatua izango da. Eta estatistikak hor daude, baina partida jokatzen ari zarenean estatistikek ez dute eraginik izaten, partida guztiak ezberdinak baitira. Gero, egia da talde batzuentzat zelai batzuk beste batzuk baino aproposagoak izan ohi direla, baina partida bakarrean edonork garaitu zaitzake. Atletico Madril gure atzetik da sailkapenean, esaterako, eta Bartzelonak sasoi honetan galdutako partida bakarra Atletico Madrilen aurka galdu zuen iragan astean», adierazi zuen atzo.

Gorritxoen hasierako hamaikakoari dagokioz, Camachok bi aldaketa egingo ditu iragan astean Sanchez Pizjuanen hasieratik jarritako taldearekin alderatuz gero. Sevillaren aurka partida bateko zigorra bete behar izan zuten Carlos Arandak eta Cesar Azpilikuetak txartel pilaketaren ondorioz, eta hamaikakora itzuliko dira gaur biak, Calleja eta Etxaideren ordez. Apendizitisa gainditu ostean Juanfran deialdira itzuli bada ere, Masudek hartuko du zelai erdiaren eskuin hegala.

Iturralde Gonzalezen itzulera

Iturralde Gonzalez epaile bizkaitarrak zuzenduko du partida, eta honenbestez, hiru urte eta hiru hilabete geroago Iruñera itzuliko da. Azkenekoz, Deportivoren aurka 4-1 irabazitako lehia zuzendu zuen, 2006ko abenduan. Hurrengo sasoian, Sevilla-Osasuna partida liskartsuan erabaki polemikak hartu zituen, Osasunari kalte handia eragiteraino, eta hark eragindako egonezina zela eta, bizkaitarra Osasunatik urrun mantendu dute epaileen arduradunek. Orduz geroztik bi aldiz gurutzatu da Iturralde Gonzalez Osasunaren bidean, eta beti Osasunaren zelaitik urrun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.