Faborito jantziarekin

Aimar Olaizola lau t'erdiko txapelketara itzuliko da gaur, Bilbon, Pablo Berasaluzeren aurkako kanporaketan

Aimar Olaizola pilota bila makurtuta, herenegun Bilbon eginiko aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Belauneko lesio batek lau t'erdiko txapelketa umezurtz utzi zuen iaz. Aimar Olaizolak, txapela lau aldiz irabazi duen pilotari bakarrak, ez zuen jokatzerik izan. Etxetik ikusi zuen, berrindartze prozesuaren azken fasean murgilduta. Handik egun gutxira itzuli zen pilotalekuetara, eta binakako eta buruz buruko txapelketa bikainei uda oso on bat gehitu die. Enpresa kideek argi diote: bera da faboritoa. Izaerak, baina, ez du ezertarako balio, erakutsi egin behar da, eta gaur du lehen proba (17:30, Nitro), Bilbon, Pablo Berasaluzeren aurka, final-zortzirenetan.

«Gauzak egun dauden bezala, Olaizola da txapelerako faborito handia». Esaldia Berasaluze VIII.arena da. Biek ez dute lau t'erdiko txapelketan inoiz elkarren aurka jokatu, baina apustuek berriztarraren iritzia berretsiko dute gaur. 100-20ri irtengo dira Olaizolaren alde —Interneteko apustu etxeetan 5-1,5—, eta hasiera orekatua ez bada, artekariek ez dute lan askorik izango. Irabazleak, bestalde, Sebastian Gonzalezen aurka jokatuko du final-laurdenetan.

Hiru urte dira Aimar Olaizolak ez duela partidarik irabazten lau t'erdiko txapelketan. Iaz ez zuen jokatu, eta duela bi urte 22-11 galdu zuen Julen Retegiren aurka final-laurdenetan. Dena den, udan erakutsitako sasoiak nahiko arrazoi ematen du berarengan fedea izateko. Olaizolak ere hala onartu zuen, zeharka bada ere, iragan asteazkeneko pilota aukeraketan. «Hamar egunez geldirik egon naiz txapelketa prestatzeko, eta uda bukaeran izan dudan joko puntu hori galdu dudan da nire kezka orain». Gelditu aurreko bost partidak jarraian irabazi zituen, tartean sanmateoetako torneoa.

Pablo Berasaluzeri dagokionez, bere ibilbideko gabezietako bat konpontzen saiatuko da enegarren aldiz. Lau t'erdirako dohainak ditu Berrizko aurrelariak, baina inoiz ez du final-laurdenetako lana igaro. 34 urterekin onenak emanda beharko luke, baina udan sasoi ona erakutsi du berak ere. Eskuak minduak zituela bukatu zituen sanmateoak, eta zalantzekin jokatu zuen iragan astean Arretxe II.aren aurka. Halere, ez zuen arazo askorik izan irabazteko (22-8) eta beste astebeteko atsedenak mesede egingo zion.

Gaurkoa Bilboko pilotaleku berrian jokatuko den lau t'erdiko lehen partida izango da, eta pilotalekuaren erakarpen indarrerako proba. Bizkaiko zaleen kuttuna, faborito nagusietako baten aurka. Konbinazioak harmailak itxuratzeko adina beharko luke, baina nork jakin, txapelketako lehen astea ez baitzen oso oparoa izan. Bizkaian, gainera, porlan asko dago ezkutatzeko, eta mila lagundik gora batu ezean, baliteke irudi kaskarra ematea.

Barriolak, Beasainen

Lau t'erdiko final-laurdenak heldu den astean jokatuko dira, eta dagoeneko jakina da non hasiko diren: ostiralean Beasaingo Antzizar kiroldegiko pilotalekuan. Abel Barriolak bertan jokatuko du bart gauean jokaturiko Julen Retegi eta Aritz Lasaren arteko partidaren irabazlearen aurkako partida. Leitzarrak entrenamendu saioa egingo du gaur pilotalekura egokitzeko. Beste partidak non eta noiz jokatuko diren zehazteke dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.