Ruben Beloki. Asegarceko teknikaria

«Faboritoak? Urdinak, baina oso gutxigatik»

Bengoetxearen sasoia goratu du, baina final irekia izango dela uste du. Untoria albiste bikaina izan da, eta Zubietak Berasaluzeri mesede egin diola argi du: «Pablok txapela merezi du, baina besteek ere bai»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Lasai egon da kontra kantxan pilota aukeraketan, eta lasai egongo da finalean, hori du ona bere enpresako bi bikote sailkatu izanak. Ruben Belokik dioenez (Burlata, Nafarroa, 1974), harrituta dago azken astean askotan gogoratu diotelako berak final bana jokatu zuela igandean ariko diren aurrelariekin.

Zer-nolako traza hartzen diozu finalari? Apustuak parean irtengo dira. Ez dakit horrek harritu zaituen?

Ez, egia esan, ez nau batere harritzen. Nik final oso orekatua ikusten dut. Apustu egin beharko banu, agian urdin joko nuke, baina alde txikiarekin: %55-%45 asko jota. Zergatik? Bengoetxeak bere bizitzako txapelketa egin duelako. Horregatik bakarrik.

Sasoi oso onean dago.

Perfektu dago. Sasoia, eskuak, lehiakorra da, irabazlea... Pablok txapela merezi du, baina Oinatzek ere bai. Pilotari handia da, Xala bezala, bi erraldoirekin bat egitea egokitu zaiona.

Aukera hau baliatu behar du?

Argi dago, aukera oso ona da beretzat. Baina horrek, era berean, presioa eragiten du: aukera, sasoia... Askotan, final batean, bere ahalaren %85 ematen duenak irabazten du, urduritasun handia egoten delako eta ez delako erraza zure onena ematea. Ez duzu zure bizitzako partida jokatu behar, egoera kudeatzearekin aski izan daiteke.

Bi aurrelariekin binakako final bana jokaturikoa zara.

Eta biekin galdurikoa! Pilotari ezberdinak dira. Bengoetxeak nirekin egin zuen debuta. Orduan, defentsan zen iaioa, mozten... Orain, berriz, errematatzailea da. Eta Pablo nirekin finala jokatu zuen berbera da, baina orduan bat eta erditik errematatzen zuen eta orain hirutik saiatzen da.

Orain urrunagotik?

Bai, pilotari osoagoa da orain. Joko asko irabazi du: sakea kentzen du boleaz, sotamanoa... Baina, tira, beste garai batzuk ziren. Orduan, atzelariok pilotakaden %70 jotzen genuen, eta aurrelariek, bukatu bakarrik. Aldatu egin da, baina hobera, nire ustez.

Berasaluze alderatu duzu. Orain, Bengoetxea. Asko aldatu da zurekin finala galdu zuenetik?

Heldu egin da, zaildu... Nirekin galdu zuenean ume kozkor bat zen. Zenbat urte zituen? 19? 20? Oso bizia zen aldagelan, beti adarra jotzen... Orain, erasokorragoa da. Eta txapelketa honetan, inoiz baino gehiago errematatu du. Ondo dago, konfiantzaz, eta txapela irabazi nahi du. Nik uste dut «orain edo inoiz ez» esan duela; Irujok eta Olaizolak jokatzen duten modura jokatzea erabaki du, eta hori egiteko kapaza da. Niretzat, bera izan da txapelketako pilotaririk onena.

Eta atzelari onena? Zubieta?

Eta Zabaleta, biak.

Untoria albiste oso ona da.

Asegarcerentzat, bikaina, eta, tira, pilotarentzat ere bai. Lehen mailako beste atzelari bat, eta, era berean, bigarren mailan dabiltzan pilotariek ere hor dute ispilua; prestatzen bazara, xede hori izan dezakezu.

Estelarista da?

Bai. Egungo mailari eusten badio, zalantzarik gabe. Lehen mailan aritzeko zilindroak baditu, eta indartsua da gorputzez. Bere arazo bakarra eskuak zituen, eta horiek babesteagatik bizioak hartzen dituzu, pilota gainera datorkizu. Baina hori konponduta? Zalantzarik gabe.

Zubieta fitxatzearekin asmatu duzue.

Hitz txarrik ez. Kirol maila oso ona, atsegina, Pablori onena atera dio, oso baikorra... Pertsonalki konkistatu egin nau. Pablori mesede handia egin dio horrelako bikotekide batek.

Asegarceko bi bikote finalean. Lasai?

Lasai ikusiko dugu finala. Zaleak, agian, bi enpresetako ordezkariak nahiko lituzke, saltsa horregatik, baina tira... Topikoa da, baina onenak irabaz dezala eta ikuskizun ona izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.