Faboritoaren lasaikeria

Real Madril gehiago izan da, baina barkatu egin du, eta CSKAk luzapenean berdindu du partida (1-1)

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Real Madrilek ez zuen urduri hartu atzo bueltako hegaldia. CSKAren aurka Moskun berdindu arren (1-1), badaki, ondo bidean, martxoaren 14 ko itzuliko partidan final-laurdenetarako txartela ziurtatuko zuela. Dena den, emaitza hobea lortzeko aukerari ihes egiten utzi zion bigarren zatian. Madrilgo taldea Txapeldunen Liga irabazteko faboritoetako bat da, eta Moskun lasaikeriaz jokatuz bukatu zuen. Erasoan ez zen zorrotz ibili, eta luzapenean huts larria egin zuen ate aurrean. Erdiraketaloratua ez zuen ondo defendatu eta CSKAk berdinketa lortu zuen. Merezi baino gehiago.

Real Madrilek izua barreiatu zuen lehen ligaxkan, eta atzo ez zuen sufritu. CSKAk joko on baino gogo gehiagorekin egin zion aurre, hotza (-4 gradu) eta belar artifizialeko zelaia lagun hartuta, ustez kalitate gehien duen taldearentzako oztopo zirelako. Etxekoak hobeto hasi ziren, oso goian jokatuz, eta eurek izan zuten lehen aukera, baina Dzagoevek ez zuen asmatu. Minutuak pasa hala, baina, Madrilgo taldea baloiaren jabetza sendotuz joan zen, CSKA erabat lotzeraino.

Kanpokoen gola ordu erdira iritsi zen (28. min), Cristiano Ronaldok ezkerkada indartsuz erdiraketa bateko aldaratzea baliatu zuenean. Gola Real Madril piztu zuen, eta bigarrenaren bila joan zen. Atsedenaldiaren ondoren kanporaketa erabakita uzten saiatu zen, eta aukera onak izan zituen. Errematatzeko garaian, ordea, bazirudien jokalariek bazekitela huts eginez gero itzuliko partidaren sarea zutela.

Barkatzen duenak ordaindu egiten duela dio futbolaren legeak, eta Wernbloomek pasa zuen faktura (93. min). Partidako azken jokaldian, eskuinetik egindako erdiraketa bat, atzelari suediarrak ondo baliatu zuen Real Madrilen areako anabasa gola sartzeko. Luzhniki estadioko zaleek garaipena bailitzan ospatu zuten, kanporaketan aurre egitea oso zail dutela jakin arren.

Napolik 3-1 irabazi du

Napolik 3-1 irabazi zion Chelseari, atzo jokaturiko final-zortzirenetako partidan. Norgehiagoka bizi eta ikusgarria izan zen, eta etxekoek golen bat gehiago sartzea merezi izan zuten. Hala ere, Chelseak aurretik jarri zen Matari esker (28. min). Napolik atsedenaldiaren aurretik eman zion buelta emaitzari Lavezzi eta Cavaniren golekin. Hirugarrena ere Lavezzik sartu zuen (65. min). Maggiok laugarrena sartzeko aukera izan zuen, baina Colek urrundu zuen ateko marran.

Gaur jokatuko dira final-zortzirenetako joaneko azken bi partidak. Marsellan, Olympiquek Inter Milan hartuko du (20:45. ETB1). Bi boladaren arteko gurutze bidea izango da, frantziarren oso ona eta italiarren txarra. Eguneko beste partidan, Basileak Bayern Munich hartuko du (20:45). Suitzako taldea izan zen sailkapen faseko ezusteko handia, eta titulurako hautagaietako bat du aurkari lehen kanporaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.