Lau t'erdikoa ez da Pablo Berasaluzeren espezialitaterik onena sekula izan. Datuek, behintzat, hala erakusten dute. Azken bi urteetan lan txukuna egin du, baina ez du inoiz historiara pasatzeko moduko txapelketarik egin. Atzo, ordea, perfekziotik oso gertu aritu zen Iruñeko Labriten, eta eroso irabazi zion Iker Arretxeri. Neurketaren lehen zatian ezin hobeto jokatu zuen. Gero apur bat erlaxatu bazen ere, oro har, bikain aritu zen. Indartsu dago berriztarra, eskuin kolpe freskoa atzematen zaio, eta datorren asteko final-zortzirenetan oilar nagusiari kosk egiteko prest dago. Bilbon jokatuko du Olaizola II.aren kontra.
Lehenengo pilotakadatik nabaritu zitzaion Berasaluze VIII.ari sasoi betean dagoela. Beti egin izan du ongi sakea, baina atzo bezala, gutxitan. Sei tanto lortu zituen guztira, eta errematean ere fin aritu zen. Arretxe II.ak ahoko zuloan uzten zituen pilotak, eta berriztarrak nabarmentzeko ederki baliatu zituen. Konturatze ordurako 15-1 aurreratu zen.
Arretxe II.ak ia ezinezko zuen lehiari buelta ematea, baina emandako irudi kaskarra hobetzen saiatu zen. Bukaera aldera egin zituen tanto onak, baina bere merituagatik baino gehiago, aurkaria erlaxatu egin zelako lortu zituen. Erraztasun gehiegi eman zituen nafarrak. Azkenean zortzi tanto egin zituen, baina gutxiago izan zitezkeen.
Berasaluze VIII.ak eta Olaizola II.ak Bilboko Bizkaian jokatuko dute datorren larunbatean. Berriztarra etxean ariko da, eta ikusmin handia piztuko du partidak. Kantxako sarrerak 35 eurotan salduko dira.
Iraupena. 30 minutu.
Pilotakadak. 137.
Sakez. Berasaluze VIII.ak sei, eta Arretxe II.ak bi.
Sakez falta. Berasaluze VIII.ak bat, eta Arretxe II.ak beste bat.
Markagailua. 2-0, 2-1, 15-1, 15-4, 16-4, 16-5, 17-5, 17-7, 18-7, 18-8 eta 22-8.
Bestelakoak. Nahiko jende gutxi, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Juantxo Areitio aritu zen Berasaluze VIII.arekin botillero lanetan, eta Fernando Arretxe Iker semearekin. Partida hasieran dirua gorri atera zen, 100-70i.
Berasaluze VIII.a 22. Arretxe II.a 8
Faboritoari kosk egiteko prest
Berasaluze VIII.ak sake zein erremate erakustaldia eman du, eta sasoi betean egingo dio aurre Olaizola II.ari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu