Amurriok eta Burlatako Zugarralde taldeak Berria txapelketako bigarren fasera sailkatzea lortu zuten iragan asteburuan. Aurrenekoek kostata, Azkoitiaren aurka; bigarrenek, berriz, eroso, Lizarrako San Miguelen aurka. Zorigaiztoko kanporaketa izan zen azken hori, Daniel Unanua Lizarrakoen jubenil mailako atzelariak eskumuturra hautsi eta larrialdiko ebakuntza egin behar izan ziotelako. Bestalde, asteburu hau bete-betea izango da, lehen fasea amaitzeko falta diren hiru kanporaketak jokatuko baitira.
Azkoitia 1 (54)
Amurrio 2 (65)
KADETEAK
Alberdi-Juaristi 21
Egiguren-Murga 22
GAZTEAK
Juaristi-Zubizarreta 11
Guaresti-Legarreta 22
NAGUSIAK
Andueza-Zendoia 22
Dorronsoro-Iriarte 21
Amurriok uste baino gehiago sufritu zuen iragan ostiralean Azkoitia kanporatzeko. Galdakaoko pilotalekuan jendetza bildu zen kanporaketa ikusteko eta, bide batez, etxeko taldearen final-zortzirenetako aurkaria izango zena gertutik zelatatzeko. Eta ez ziren aspertu, hiru partidetatik bi oso estuak izan zirelako. Horietako lehena kadete mailakoa, Alberdi-Juaristi Azkoitiko bikoteak indartsu hasi zuena (0-5). Partida luzatu ahala arabarrek agintea hartu zuten (10-10 eta 17-20), baina azkoitiarren partida leon-kastillo bat izatea lortu zuten. 21nako berdinketarekin Egiguren Amurrioko aurrelariak erabaki zuen. Hura izan zen onena, 14 tantorekin.
Gazte mailako partida izan zen desorekatu bakarra. Bosnako berdinketaren ondoren Guarestik eta Lejarretak tartea ireki zuten (6-12 eta 11-22). Amurrioko atzelaria nagusi izan zen, eta hark baldintzatu zuen partida. Emaitza horrekin arabar seikoteak hamar tanto egitea aski zuen nagusi mailako partidan. Arazo handirik gabe lortu zituzten, baina partida polita izan zen; Iriarteren huts batekin erabaki zen.
Zugarralde 3 (66)
San Miguel 0 (31)
KADETEAK
Agirre-Alduntzin 22
Etxeberria-Mateo 3
GAZTEAK
Maians-Iribarren 22
Garaio-Unanua 12
NAGUSIAK
Urdaniz-Lukin 22
Moran-Nubla 16
Burlatako Zugarraldek uste baino erosoago kanporatu zuen Lizarrako San Miguel, iragan igandean, Lizarran. Burlatarrek hiru partidak irabazi zituzten, eta Markina izango dute kontrario final-zortzirenetan. Lizarrako taldearen zorte txarrak lana erraztu zien, jubenil mailakoa bertan behera gelditu baitzen Danel Unanua atzelariak pilota zail bat bueltatzeko bere burua lurrera bota eta eskumuturra hautsi zuenean. Larrialdi ebakuntza egin behar izan zioten. Hortaz gain, jokatu beharko luketen San Migueleko bi pilotari gaixotu egin ziren, eta seikotearen egitura goitik behera aldatu behar izan zuten.
Kadete mailako partidak historia gutxi izan zuen (22-3), eta jubenil mailakoa San Miguel 9-12 aurretik zihoala bukatu zen. Ordura arte Unanua bera izan zen onena. Nagusien partidarako kanporaketa erabakita zegoen, baina hala eta guztiz ere norgehiagoka ona izan zen. Urdaniz profesional ohia nabarmendu zen.