Herrialde bakoitzeko liga bezala, Txapeldunen Liga ere hasi besterik ez da egin oraindik. Baina urri erdialderako finalak jokatzen hasteko arriskua daukate ustez aurrera egiteko faborito direnetako batzuek. Lehen jardunaldiari begiratua botata, gaur hiru puntuak eskuratzeko dezenteko premia daukate, besteak beste, Juventusek, Valentziak eta Chelseak. Etxean ariko dira lehen biak, Xakhtar Donetsk eta Lilleren aurka, hurrenez hurren; Nordsjaelland apalaren etxean ingelesak. E multzo horretan daude gauzak estuen, Chelseak eta Juventusek 2-2 berdindu zutelako lehen partidan eta Xakhtarrek 2-0 menderatu zuelako Nordsjaelland multzoko beste partidan. Ukrainarrek aurrerapauso handia emango lukete gaur Juventusen zelaian ez galduta.
Beste faboritoetako batzuek, berriz, hasterako bigarren kolpea emateko aukera ona daukate. Bayern Munichek, Bartzelonak eta Manchester Unitedek ez zuten huts egin lehen jardunaldian, eta hiruna punturekin daude. Bate Borisoven zelaian ariko dira alemaniarrak —sasoi honetan ez dute partidarik galdu—; Benficaren zelaian kataluniarrak —0-0 berdindu dute bertan jokatutako bi partidetan—; eta Clujen zelaian ingelesak —irabaziz gero, 100. garaipena lukete Txapeldunen Ligan—.
Faboritoek ez dute finalik nahi urrian
Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldirako irabazi beharrean dira jada Juventus, Chelsea eta Valentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu