Ez da ezustekorik egon Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Santurtzi Eusko Label Ligako liderrak egin du denborarik onena (20.23), eta Sotera ontziarekin batera lehiaketa berean aritzen diren Zierbenak, Hondarribiak, Cabok, Oriok, Urdaibaik eta Aresek lortu dituzte datozen bi igandeetan badian lehiatzeko jokoan zeuden txartelak —Donostiarra sailkatuta zegoen—. Iaz bezala, Ondarroa zortzigarren izan da berriro, eta, hortaz, Antiguako Ama berriro geratu da urteko bandera preziatuenetik kanpo. Datozen orduetan zozkatuko dituzte hurrengo igandeko estropadako bi txandak. 12:00etan eta 12:30ean jokatuko dituzte.
Itsasoa gaur ez zegoen txantxetarako; haizeak, izan ere, guztiz nahastu du eremuaren kanpoaldea, ipar-ekialdetik putz eginez. Kale edo balekoa izan ohi da estropada, eta irabazteko hautagai nagusiek ez dute huts egin. Santurtzik egin du denbora onena ziabogan eta helmugan ere; bigarren luzea osatuta, postu berean mantendu da. Hondarribia ez da hain ondo moldatu brankaz, baina bueltako luzean, poparean, azkarrena izan da, eta bigarren sailkatu azkenean: 20.29. Zierbenak pronostikoak bete ditu, baita Oriok ere, nahiz era sustoa hartu duen maniobran.
Cabo da Cruzek ondo bukatu ohi ditu estropadak, eta itzulerako luze bikaina eginez laugarren sailkatu da, Orioren beraren eta Urdaibairen aurretik. Eta poparean Ares Ondarroa baino hobeto moldatu da, eta Galiziako trainerua horregatik sailkatu da azkenean zazpigarren, ziabogan Bizkaiko ontzia baitzen aurretik, bi segundo eskaseko aldeagatik bazen ere.
KAE Ligako ontziei dagokienez, Getaria txapeldunak estropada ona egin du, baina ez da nahikoa izan txartela lortu ahal izateko, eta azkenean hamargarren sailkatu da.
Castro lehiatzekoa zen gaur, baina estropadatik kanpo gelditu da azkenean, arraunlarietako batek positibo eman duelako COVID-19a detektatzeko proban.
Sailkapena
1- Santurtzi 20.23,68
2- Hondarribia 5,86ra
3- Zierbena 8,30era
4-Cabo 19,54ra
5- Orio 20,70ra
6- Urdaibai 21,52ra
7- Ares 23,66ra
------
8- Ondarroa 31,06era
9- Isuntza 33,20ra
10- Getaria 37,40ra
11-San Juan 42,34ra
12- Kaiku 50,46ra
13-Zarautz 52,52ra
14-Tiran 58,32ra
15-Pedreña 1.02,72ra
16- San Pedro 1.02,98ra
17 Arkote 1.07,40ra
18- Zumaia 1.26,76ra
19- Deustu 1.30,34ra
20- Lapurdi 1.53,38ra
21- Camargo 2.05,36ra
22- Mutriku 2.17,33ra
23- Hibaika 2.37,84ra
126. aldia du Kontxako Banderak, tostako arrauneko preziatuenak, eta azkeneko hiruetan Hondarribia nagusitu da. Estropada eremuko marka Urdaibaik ezarri zuen, 2017an: 18.53,52.
Honela kontatu du BERRIAk zuzenean.