Faboritoek ez dute hutsik egin Australiako Irekiko bigarren jardunaldian

Nadal, Federer eta Berdych eta Wozniacki, Na Li eta Klisjster arazorik gabe pasatu dira hirugarren txandara

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Australiako Irekiko hirugarren jardunaldia jokatu zen atzo. Titulua irabazteko lehian diren faborito argiek ez zuten hutsik egin. Zerbaitegatik dira munduko tenislaririk onenak. Gizonezkoen ATP sailkapeneko bigarrenak, Rafael Nadal balearrak, Tommy Haas alemaniarra menderatu zuen, 6-4, 6-3 eta 6-4. Partidak bi ordu eta erdi eskas iraun bazuen ere, Nadalek ez zuen aurreko egunetako erraztasun berarekin irabazi; Haasek joko bikaina egin zuen. Lukas Lacko izango du zain hirugarren txandan.

Roger Federer ere hirugarren txandan ariko da. Suitzarra Andreas Becken aurka lehiatzekoa zen, baina azken horrek lehiaketan parte hartzeari uko egin zion azken unean. Azken urteotako tenis jokalari onenak bere mesederako izango du partida bat gutxiago jokatu izana. Torneoko azkenera arte iristen bada, behintzat. Juan Martin del Potro, Tomas Berdych, Nicolas Almagro eta Feliciano Lopez dira aurrera egin duten besteak.

David Nalbandianen ezina

Mardy Fish eta David Nalbandian, berriz, ezinean ibili ziren. Biak ere lehiaketatik kanpo gelditu ziren: Fishek 7-6, 6-3 eta 7-6 galdu zuen Alejandro Fallaren aurka; eta Nalbandianek 4-6, 6-3, 2-6, 7-6 eta 10-8 John Isnerren aurka. Azken partida hori bereziki gogoangarria izan zen. Partida ederra bezain borrokatua jokatu zuten estatubatuarrak eta argentinarrak; ia bost ordu iraun zuen bien arteko jardunak. Isnerrek Feliciano Lopez espainiarra izango du zain hirugarren txandan.

Emakumezkoetan ere ezusteko gutxi izan zen atzo jokatu ziren bigarren jardunaldiko partidetan. Faborito argiek aurrera egin zuten nagusitasun handiz. Caroline Wozniacki WTA sailkapeneko buruak Anna Tatishvili kanporatu zuen, 6-1 eta 7-6. Iazko garaile Kim Klijsterrek ere arazorik gabe kanporatu zuen Stephanie Foretz-Gacon, 6-0 eta 6-1. Na Li txinatarrak, azkenik, 6-2 eta 6-2 kanporatu zuen Olivia Rogowska australiarra. Lik sekulako gorakada izan du; zirkuituko erreferenteetako bat bihurtu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.