Faboritoek, kostata

Asteburu honetan jokatuko dira lau t'erdiko lehen fasea bukatzeko falta diren bost partidak

Imanol Magro Eizmendi.
DONOSTIA
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
IMANOL MAGRO - DONOSTIA@:Lau t'erdiko txapelketa bigarren astera iritsi da. Iragan asteburuan hiru partida jokatu ziren, eta hiru partidetan faboritoak kostata sailkatu ziren final-zortzirenetarako. Lehen hiru kanporaketen ostean, final zortzirenetako lehen partida ezaguna da jada. Buruz buruko bi txapeldun ohik, Ruizek eta Eugik, elkarren aurka jokatuko dute.

Biek uste baino zailtasun gehiago izan zituzten debutarien aurka irabazteko. Ostiralean, Ruizek 20nako berdinketaren ondoren Del Rey kanporatu zuen. Igandean, berriz, Eugi izan zen Saralegiren aurka gorriak ikusi zituena (22-16). Amezketarrak oso urduri jokatu zuen, eta saketik eginiko bi faltarekin hurrengo faserako txartela oparitu zion Eugiri. Ez Ruizek, ezta Eugik ere, ez zuten beraiengandik espero zitekeen maila eman, eta euren jarduna hobetu ezean zail izango dute final-laurdenetan Beloki kanporatzea.

Iragan asteburuko hirugarren sailkatua Asier Olaizola izan zen. Goizuetarrak oso ondo ekin zion Capellanen aurkako partidari. Bigarren zatian, baina, lau t'erdian jokatzeko dituen ahuleziak agerian geldituz ziren berriro. Capellanek ez zuen batere ondo jokatu, eta horrek salbatu Olaizolatar nagusia. Erregulartasun gehiahorekin jokatu ezean, goizuetarrak zail izango du txapelketan aurrera egitea.

Larunbatean bi partida jokatuko dira Labriten

Enpresek atzo zehaztu zituzten asteburu honetako partiden ordutegiak. Azken orduko aldaketa bat egon da, astelehenean Tolosan jokatzekoa zen Eulate eta Bengoetxearen arteko partida larunbat arratsaldera aurreratu baitute. Ondorioz, larunbatean, Labriten, bi partida jokatuko dira. Jaialdiko bigarren partidan, Eulate eta Bengoetxea ariko dira. Hirugarrenean, berriz, Enrike Galarzak eta Iñigo Leizak neurtuko dituzte indarrak.

Asteburu honetako lehen partida ostiral gauez jokatuko da, Azkoitian. Irujok eta Agirrek lehen faseko partidarik erakargarriena jokatuko dute. Kokak eta Chafeek larunbat arratsaldean neurtuko dituzte indarrak, Errenteriako pilotalekuan. Ohikoa den legez, asteburuko azken partida Bergaran jokatuko da. Igande arratsaldean Sebastien Gonzalezek Pablo Berasaluzeren aurka jokatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.