SASKIBALOIA

Fantasia ala kateak?

Andoni Urbistondo.
2005eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
emagun Euskal Herri-an Baskoniaren eraso joko alaiarekin, ikusgarriarekin gozatzen dugula zaleok gehien. NBAn Phoenix izango litzateke joko eredu horren ispilua. Erasoan maisuak dira Arizonakoak, 110 puntuko langa gainditzen dute partidako, kopuru handia. Saskiratzeko orduan maisuak dira, artistak. Saskipea babesteaz mintzatzen bagara, ordea, zeharo ezberdina da kontua. Erasoko maisutasuna saskipeko erraztasuna bilakatzen da, eta erraztasun horregatik jarri dute adituek ezbaian Phoenixen, Liga erregularreko txapeldunaren hautagaitza.

Ulertzeko modukoa da Phoenixen fantasia inguratzen duen zalantza, eraztuna irabazteko defentsan talde sendoa izatea, kateak, funtsezkoa direla baitiote estatistikek. Eta badiote, egia delako da. Globetrotters mitikoen traza dauka Phoenixek. Joko polita, ikusgarria, saskibaloi gozoa jokatu zale dira, baina saskipean lana egin behar denean, orduan komeriak. Liga erregularra irabazi dute, bai, baina titulurako kanporaketak ezberdinak dira. Ez dago gaizki egindakoari buelta emateko aukera, Ligan ez bezala. Taldeek gogorrago jokatzen dute. Egurra handia izaten da saskipean, eta eraso jokoko luzimendua, zailagoa da. Eta Phoenixi eraso jokoa oztopatzen badiote, akabo.Bakoitzari berea, eta 50 garaipen edo gehiago lortu dituzten taldeak jo behar dira faborito. 16 taldeetatik erdiek gainditu dute langa hori: 8 taldek. Asko, konpetentzia estua izan, eta izango denaren seinale. Horien artean ere komenigarria da banaketa egitea. Miami, San Antonio eta Detroit hirukoaren jardunak erakarri du arreta guztia. Txukun aritu direlako Liga erregularrean, baina batez ere, defentsa zorrotza egiten maisuak direlako. Miamik Shaquile O'Neal eta Dwayne Wade ditu, Ligako jokalari onenetako bi. Biek edozein talde txiki dezakete, defentsa onena gainditu, baina beste bi taldeetako izarrak ere ez dira kamutsak. Tim Duncan, Manu Ginobili edo Tony Parker daude San Antonion. Richard Hamilton eta Rasheed Wallace Detroiten. Miamik badu abantaila txiki bat. Ligako jokalari erabakigarriena dauka: O'Neal. Bera da Ligan nahierara molda daitekeen bakarretakoa.Seattle, Dallas, Houston eta Sacramento aurreko hirurak baino koska bat beherago daude, baina ustekaberen bat emateko gai dira. Aspaldiko legez, Mendebaldeko Konferentziako kanporaketak Ekialdekoak baino gogorragoak izango dira. Ekialdeko taldeek, dena den, eta final handia arte, behintzat, Mendebaldeko talde indartsuenak saihesteko aukera dute. Ekialdean, Miami eta Detroit salbu, parekotasuna handia da.

Kanporaketak,banaka-banaka

Miamik ez du erraz-erraz kanporatuko New Jersey Nets. Talde horretan jokatzen dute Vince Carterrek eta Jason Kiddek. Erne! Detroitek Allen Iversonen ekarpena geratu beharko du. Boston eta Indianaren artekoa oso berdinduta dago. Indiana talde gaiztoa da, borroka saihestu ez, bilatzen duena, eta ez harritu partidaren bat zartakoka bukatzen badute. Titulurako kanporaketak jokatze hutsa sari handitzat jo duten Chicago eta Washington parekatuko ditu azken kanporaketak. Saria, ez zutelako espero. Behin sailkapena lortuta, ordea, ahalik eta urrunen heltzen saiatuko dira. Chicagoko zale izango gara asko Euskal Herrian, ahal dugun neurrian Nocioni animatzeko.

Mendebaldeko Konferentzian, Phoenixek Memphis hartuko du. Zortzigarren postuan sailkatu da Pau Gasol kataluniarraren taldea. Iaz, San Antoniok astindua eman zien lehen kanporaketan, 4-0, baina aurten talde zailduagoa dute, eta Phoenix ez da San Antonio. San Antoniok ere hobe du Denverren aurkakoa serio-serio hartzea. Indartsu bukatu du Liga Denverrek, Carmelo Anthony bero-bero dabil, eta Marcus Camby zakur zaharra da. Urteak daramatza Ligan, eta Duncanen zenbaki ikusgarriak apaltzeko ahalmena du, bere gorpuzkera sendo eta beso luzeekin. Seattle-Sacramento kanporaketako garailea asmatzea ere lan zaila da. Jaurtitzaile apartak dituzte bi taldeek: Ray Allen eta Rashard Lewis Seattlek, Eddie House, Cuttino Mobley eta Darius Songaila lituaniarra Sacramentok. Dallas eta Houstonen artekoa ere parekatua dago oso. Tracy McGrady eta Yao Ming txinatarra dira ikur Houstonen. Nowitzki alemaniarra Dallasen.Orain arte nahiko nekatu ez, 82 partida luze jokatuta, eta lehen kanporaketa zazpi partidara jokatuko da. Lau irabazten dituenak egingo du aurrera. Talde ahulenei lagun diezaioke kanporaketa luzeak, baina partida erabakigarria sailkapen onena duen taldearen txean jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.