Zonakako defentsa

Fede astea

Andoni Urbistondo.
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Sei. Liga erregularra bukatzeko falta diren jardunaldiak. Bukaera hori asteburuko emaitzen parekoa bada, ona izango da, hiru euskal taldeek irabazi baitzuten. Bueno, bik, batek modu ulertezinean galdu baitzuen azken segundoan. Hiruretan sailkapenean ondoena kokatuta dagoenak, gainera: Caja Laboralek. Partida bakarra da, baino askok uste duten baino garrantzitsuagoa. Bizkaiak, berriz, laugarren partida irabazi zuen jarraian, hamabost egunean jokatu duen zazpigarren partidan, eta ondo merezitako atsedena hartuko du aste honetan. Laugarren postua lortzea da erronka, baina postu hori bizilagunarena da, Lagun Arorena, eta ez da erraza izango bere aldaretik jaistea, Sito Alonsok markak hausten jarraitzen duelako: 14-3 balantzea darama abenduaz geroztik, eta talde lan bikaina. Goiz da kalkuluak egiten hasteko, baina eutsi fedeari, astea aproposa da-eta. Ziurra da ia hiru euskal talde egongo direla kanporaketetan, eta oso litekeena dela azken laurdenetako bat bi euskal taldeen artekoa izatea.

Ulertezina. Baskoniak Alacanten galdu zuen partida. Lau punturen aldea zeukalako minutu baten faltan, eta ez zuelako jakin aldeari eusten. Lampek defentsako errebote erraz bat oparitu zion aurrena Llomparti, joko antolatzaileak bikoa sartzeko. 69-71koarekin, Teletovicek hirukoa bota zuen, errazena barneraldiren bat egin eta bikoa edo falta behartzea zenean. Zentzugabekeriarekin jarraitzeko, faltarik ez azken 11 segundoetan Llomparti, eta hirukoa azken segundoan. Kantxan Prigioni egon izan balitz, ez zen halakorik gertatuko, baina aulkian zegoen, faltengatik kanporatuta. Kantxan Heurtel, ustez etorkizun handikoa, baina ikasteko dena duena. Adibidez, falta bat egitea, edo kudeaketa hobea egitea. Larria da galdu izana, orain sailkapeneko lehen bi postuetako bat lortzea ezinezkoa delako ia-ia. Real Madrilek Baskoniak baino bi partida gehiago irabazi behar ditu, eta sei bakarrik geratzen dira. Atzo irabazita, bigarren postua lor zezakeen Baskoniak hurrengo astelehenean, Real Madril 11 puntuz menderatu izan balu. Orain hori ere ez. Eskerrak Nocioni daukagun...

Amets batetik bestera. Bukatu zen Euroligakoa. Hamaika ezustekoren ostean, indartsuenaren logika inposatu da. Triste jartzeko astirik ez dauka, halere, Bizkaiak. Dagoeneko seigarren da sailkapenean, eta laugarrena du helburu, azken laurdenetan partida erabakigarria etxean jokatu ahal izateko. Nekatuta dago taldea, jota, Banic lesionatuta, eta gorabeheratsu, Kanaria Handiaren aurka ikusi ahal izan zen bezala. Baina berreskuratuko dute puntu ona, eta, joan den sasoian bezala, oso urrun iristeko aukera izango dute, eskarmentu handiko taldea baita, eta, behin bidea ikasita, bai baitakite zer egin behar duten arrakasta lortzeko. Inork ez du nahi Gescrap azken laurdenetan, eta hori seinale ona da. Pausoz pauso egin behar da bidea, halere. Hamabost garaipen ditu, eta lehenbailehen hemezortzi lortzea da orain erronka. Obradoiro dator igandean, talde arriskutsua.

Mugarik gabe. Ez dakigu Sito Alonso erlijio fededuna den, baina bere taldean sekulako fedea duela bai, agerikoa da. Real Madrilen aurka inoiz irabazi ez, eta danba! Manresaren aurka ere antzera, eta danba! Ligako talde onena da oraindik ere Donostiakoa, eta Manresako azkena taldelanaren hamaikagarren adibide perfektua izan zen. Panko, eskas partida hasieran. Alonsok Ogide kantxaratu zuen hasieratik, «Asselinen lauzpabost metroko jaurtiketa defendatzeko», eta bete-betean asmatu zuen, estatubatuarra ez zelako agertu ere egin. Lander Lasari ere minutu garrantzitsuak eman zizkion, Baron asmatu ezinik zebilela ikusita. Sergi Vidal da ordezkaezin bakarra, baina beste guztien laguntza ezinbestekoa da. Doblasek zortzi puntu, bost errebote eta bi txapel, Baronek hiru hiruko erabakigarri hirugarren laurdenean, horietako bat 8,5 metrotik. Papamakariosek bi hiruko, eta Netok eta Salgadok azken pase onak, bien artean zortzi baloi oparitu arren. Bloke sendoa, garaitzen zaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.