Munduko Kopa 2014

Fede kontua

Argentinak irabaziz ekin dio txapelketari, Bosnia menderatu baitu (2-1).

Messi, gola ospatzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 16a
07:37
Entzun

Futbol zelaiko bi ateak irekita egoten dira. Sarea atzealdean daukate, alde hori dute itxia, baina aurretik erabat irekita daude. Baloia harrapatzeko irrikaz. Baina baloia ez da bakarrik joaten batera eta bestera. Eraman egiten dute jokalariek. Eraman egin behar da. Irabazi nahi bada ez dago beste aukerarik. Argentina zitalagoa izan da lan horretan, eduki ere jokalari erabakigarriagoak dituelako, eta horregatik irabazi dio Bosniari. Baina ez du konfiantza handirik utzi datorrenerako. Fede kontua izango da talde horrek jokatzen duen era horretan sinestea.

Bosniakoek partida berriz ikusten badute, lehen zatian aukera galanta alferrik galdu dutela jabetuko dira. Damutuko zaie. Hasi orduko jaso dute gola (bere atean Kolasinacek, 3. minutuan), eta Argentinaren estrategiak ez zuen besterik behar baloirik ez zuenerako: 5-3-2 marrazki garbia, Messi eta Aguero goian utzita. Baloia eman dio Bosniari, eta eroso hauek, horixe baitute indargune handiena. Baina baloia edukitzeari helburu bat jarri behar zaio, ez da edukitzeagatik eduki behar. Eta lehen zati horretan, Bosniak etekin eskasa atera dio jabetzari. Argentinaren kontraerasoari beldur izan diolako, edo auskalo zergatik, sakontasun gutxi izan du Susicen taldeak. Sinestea falta izan zaiola ematen du. Fede kontua.

Beste aulkian, Sabella jaunak ere sinesmen gutxi izan du ikusten ari zenarekin. Zelaiko leku guztiak ez zituen ondo bereganatzen bere taldeak, marrazkia (berak aukeratua) desegokia zelako. Gutxitan ikusten dena egin du: atsedenaldian bi aldaketa, irabazten joan arren. Campagnaro erdiko atzelari bat kanpora, Maxi Rodriguez euskarrietako batekin batera, eta Gago eta Higuain zelaira. Beste marrazki bat: 4-3-3. Edo 4-2-1-3. Gago eta Mascherano erdiko atzelarien aurrean sendotasuna eta indarra ematen taldeari.

Eta Messi zer? Bada, nahi duena egiten... edo ez egiten, azkenaldian gehiegitan bezala. Pausoan aritu da ia partida osoan, eta tokitan geratu zaizkio lehengo mugimenduak baloirik ez zeukanean, baloia hartzerakoan bakarrik egoteko. Orain, baloiaren jabe denean, aurkaria gainean izaten du, eta lehengo bizitasunik ez duenez, kosta egiten zaio kontrarioa atzean uztea. Eskerrak noizean behin piztu egin den, eta abiadura berezi eta erabakigarri hori atera duen; bestela, jokalari ohi bat gehiago dela pentsa zitekeen berataz.

Bigarren zatian, Argentinak baloia gehiagotan izan du, eta horrek lasaitasuna eman dio. Beste kontu bat da zer etekin atera dion jabetzari. Jokaldi isolatu batean, Messik (bizi ibili den bakarretako batean) baloia atzera samar hartu du, beste askotan egin duen bezala. Eman dio Higuaini, eta honek bueltatu baloia kapitainari. Utzi ditu atzean atzelari pare bat, eta jaurtiketa doitua sarera joan da. 2-0, 65. minutuan.

Bosniak amore eman du. Lehen fede txikia, eta orain batere ez. Baina ezustean, gola sartu du, oso bukaeran hala ere. 89. minutua zen. Ibisevicek dotore egin du mugimendua eta baloia sarera bota du. Ordurako, Biglia zelaian zuen Argentinak, Kun Agueroren ordez. Marrazki berri bat zelaian Sabellak: 4-4-2. Bosnia saiatu da beste aukeraren bat sortzen, baina ezin. Eta Argentinak kontraerasoan aukera bat edo beste sortu du golen bat gehiago sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.