Fedea edo eskarmentua

Iurbentia Baskoniaren maila berean dago, eta oso partida estua espero dute aditu gehienek

Andoni Urbistondo.
2008ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Zer da garrantzitsuagoa norgehiagoka erabakigarri batean, fedea edo eskarmentua? Biak, esango dute gehienek, baina fedeak, konfiantzak pisu handiagoa du. Garaipenean sinestea, alegia. Iurbentia Baskonia baino gehiago da, egun, alor horretan. Konfiantza baita bizkaitarren denboraldi honetako etekinik garrantzitsuena, edonor mendera dezaketela jabetzea. Egin dutelako, eta berriro egin dezaketelako. Baskoniak aspaldi bereganatu zuen dohain hori, baina konfiantza lortzea eta beti mantentzea bi kontu ezberdin dira. Baskonia egoera hobean egon da, konfiantzari dagokionez, baina ez dago bere onenean. Iurbentia bai, bere historian egoera horretan dagoen lehen aldia delako.

Eskarmentuan ez dago zalantzarik. Baskoniak hamarkada oso bat darama txapelketa onenetan onenekin jokatzen, eta horrek Iurbentiak une erabakigarrietan ez daukan indarra ematen dio. Baskonia ohituta dago partidak azken jokaldian, azken minutuan erabakitzen, eta Iurbentia, oraingoz, ez. Batzuentzat une erabakigarrietako lasaitasun hori ez da hain erabakigarria, baina baloia nori eman, azken jokaldia nork egin, buruko indar horrek benetan dirudiena baina garrantzitsuagoa da. Errazago egiten da zaila dena, nola egin behar den ikasi dutelako.

Eskarmentu horrek, dena den, ez du arrakasta ziurtatzen, baina komenigarria da herenegun Iurbentiari Bartzelonaren aurka gertatu zitzaiona gogoratzea. 10 puntuko aldea zeukan hiru minuturen faltan, eta azken segundoa arte majo sufritu zuen. Baskoniari ez litzaioke hori gertatuko, ziurrenik.

Bi taldeek oso ondo ezagutzen dute elkar. Superkopan eroso gainditu zuen Baskoniak Iurbentia, baina hilabete atzera, bizkaitarrek muturreko handi samarra eman zieten arabarrei Buesa Arenan, eta Gasteizen irabazi Ligako partida. Ondo bidean, 70-75 puntuko norgehiagoka izango da, bi taldeek defentsa zorrotza baitute euren arrakastaren ardatz. Iurbentiarentzat funtsezkoa da defentsan lan txukuna egitea. Alor horretan erraztasunen bat ematen badute, Baskoniak min handia egingo die. Baskoniak, aldiz, hain zorrotz ez aritzeko askatasun handiagoa du, erasoan Iurbentiak baino jokalari hobeak dituelako.

Buruz buruko demak ere aski interesgarriak izanen dira. Marcelinhok lehia polita izango du Planinicekin, biek barnekaldiak baitituzte gustuko. Iurbentiako brasildarrak asistentzia onak ematen ere ikasi du, eta gaur Prigionirekin, nork gehiago eman, ikusgarria izan daiteke. Reckerren hutsuneak (sei asterako du), Lewis eta Vazquezen lana handituko du Rakocevic, Vidal eta Jasaitisen aurka. Saskipeko borroka ere latza izango da: Weis, Rancik eta Pasalic McDonald, Splitter eta Mounekeren aurka.



Igor Rakocevic ð Iluntasunean argi

unai gartzia

Gasteiz

Aurten sasoi gorabeheratsua egiten ari da Baskonia, eta zenbait partidatan puntuak lortzeko zailtasun handiak izan ditu. Arazo horien aurrean, Igor Rakocevicek hartu izan du erantzukizuna. Itsasoaren noraezean, ontzia bideratzen duen itsasargiaren lanak egiten ditu Serbiakoak. Taldekideek dena ilun ikusten dutenean, Rakocevicek beti asmatzen du argi zirrikituren bat aurkitzen.

Pasa den denboraldian heldu zen Gasteizera Belgradekoa, eta polemikaz inguraturik, gainera. Zale askok jokalari berekoitzat zuen Rakocevic. Hori pentsatzen zutenak ez zebiltzan gaizki, Araban egin zuen lehen urtean talde jokorako gaitasun handiegirik ez baitzuen erakutsi eskoltak. Orduan Scola zen taldeko jaun eta jabea, eta beste inoren mutur-sartzerik gabe, argentinarraren agintea ikusi nahi zuen jendeak kantxan.

Rakocevicen jokoa ez da gehiegi aldatu iaztik, baina entrenatzailea bai. Spahijaren etorrera onuragarria izan da berarentzat, hiruko marratik jaurtitzen abilak diren beste jokalarientzat bezalaxe. Kroaziako prestatzailearen amarru gehienek baloia serbiarraren eskuetan amaiarazten dute, eta hori entrenatzaileak jokalariarekikoduen konfiantzaren adierazlea da.Rakocevic da taldean jaurtiketa gehien egiten duen jokalaria. Liga erregularrean 213 aldiz saiatu da saskiratzen, 100 aldiz hiruko marratik, eta 113 bider 6,25 metroko marratik baino gertuago. Kanpoko marratik harago %35eko portzentajea dauka. Gertuagotik, aldiz, askoz hobea: %54. Saskiratze horiei gainera, puntu bateko jaurtiketetan asmatutakoak gehitu behar zaizkio. 62 puntu lortu ditu,eta %83 asmatu. Hegalekoa den neurrian, falta asko jasotzen duen jokalaria da Rakocevic, lau partidako). Partidako 16 puntu sartuta, Baskoniako saskiratzaile nagusia da Rako.

Nabarmen hobetu badu ere, ezagunak diren gabeziak ez ditu ahaztu hegaleko txikiak. Partida osoan kontzentrazioa mantentzeko arazo franko duenez, sarri saskiratze bizkorrak lortzeko nahiarekin tematzen da, eta hainbatetan baloia galtzen du. Puntuak egiteko erraztasunari ez dio partida osoan eusten, eta hondarrean aurkariaren defentsak gainditu ezinik geratzen da askotan. Halere, ezin ukatu azken laurdenean saskiratze garrantzitsuak lortu dituela. Defentsa lanean muga asko duen jokalaria egia den neurrian.



NorTasun aGIrIa

Jaioterria: Belgrad (Serbia, 29 urte)

Postua: Eskolta (1,91 m.)

Ibilbidea: 1995-2000: Belgradeko Izar Gorria; 2000: Minnesota Timberwolves (NBA); 2004-2006: Pamesa Valentzia; 2005-2006: Real Madril. 2007-?: Tau.

Zenbakiak ACB ligan: Partidak: 18. Minutuak: 27. Puntuak: 16,1. Erreboteak: 1,8. Asistentziak: 1,3. Balorazioa: 12,1.







Marcelinho Huertas ð Sanba beltza

u. g.

Gasteiz

Bartzelonaren aurkako partidan brasildarrak egindako zenbakiak benetan ikusgarriak izan ziren. 18 puntu sartu eta zortzi asistentzia banatu zituen Huertasek, 27ko balorazioa egiteko. Partida amaitzeko 25 segundoren faltan, gainera, berea izan zen norgehiagoka erabakita utzi zuen Banicen saskiratzeko asistentzia (70-66). Zenbakiak alde batera utzita, dema nahi bezala zuzentzeko antolatzaileak erakutsitako gaitasunak eman zion garaipena Iurbentiari.Talde xume bateko izarra da Huertas, baina atzo, aurkariaren izar distiratsuagoen aldean, hegoamerikarra izan zen distiratsuena.

Huertasek emandako erakustaldia ez dagertaera isolatua, sasoi osoan bere taldeko jokalaririk garrantzitsuenetarikoa izaten ari baita. Batez beste, Ligan 26 minutu jokatzen ditu partidako, eta 14 puntu eta lau asistentzia lortzen ditu. Errebote lanean laguntzen duen gizona ere bada, eta hiru aldaratze hartzen ditu partidako. Horrenbestez, 14 puntuko balorazioa egin du gaur arte, taldeko baloraziorik onena.

Une zehatzetan partida lehertzeko moduko jokalariaizateak, ordea, arazo ugari ekartzen dizkio brasildarrari. Sarritan inposatu nahi duen erritmo biziari eutsi ezinik aritzen da, eta erraztasunez galtzen ditu baloiak (hiru partidako ligan). Urduritasuna jota, antolatzaile batek ohi duena baino gehiago jaurtitzen du. 212 jaurtiketarekin, saskira gehien jaurtitzen duen jokalaria da, eta ez du beti portzentaje onekin egiten (%51 bi puntuko jaurtiketatan). Arlo horretan, hiruko marratik du gabeziarik handiena, askotan trebatuta ere, jaurtitzaile kaskarra delako. Zenbakiei begiratu baino ez dago, horretaz jabetzek. Huertasek %27 bakarrik asmatzen du hirukoetan.

24 urterekin eskarmentua duen arren, bere esperientzia mugatua da Europan. 2007ko Ameriketako txapelketa irabazi zuen Brasilekin, eta lehiaketako jokalaririk onena izendatu zuten han. Baina Hego Amerikako saskibaloian bigarren mailako papera jokatu izan du Bilbora iritsi artean, Joventuten ez baitzuen nahi beste minutu aritzeko aukerarik izan. Horrek min egin diezaioke gaurko partida zuzentze aldera, eta magia, kalitate eta bizkortasunarekin saihestu beharreko arazoa izango da.



NorTasun aGIrIa

Jaioterria: Sao Paulo (Brasil, 24 urte)

Postua: Joko antolatzailea (1,90 metro.)

Ibilbidea: 2004-2007: Joventut Badalona. 2007-?: Iurbentia Bilbo Basket.

Zenbakiak ACB ligan sasoi honetan: Partidak: 20, Puntuak: 14,2. Minutuak: 26. Erreboteak: 1,8. Asistentziak: 4. Balorazioa: 14







enTrenaTzaILeaK

«Gainetik presioa kendu izanak on egingo digu Iurbentiaren aurka»



neven spahija
tau baskoniako entrenatzailea
«Unicajaren aurkako kanporaketa denetan zailena izan zitekeela esan nuen Koparen atarian, eta hala pentsatzen dut Iurbentiaren aurkako atarikoan ere. Presio handia genuen: lehen partida, etxean... Unicajaren aurka eduki genituen gorabeherak gainditu behar ditugu, Iurbentiak egurra emango digulako bestela».

«Azken hamarkadan Kopa gehien irabazi duen taldea da Tau»



txus bidorreta
iurbentia bilbo basketeko entrenatzailea
«Gozamena izango da Baskoniaren aurkako partida. Azken hamarkadan Kopa gehien irabazi duen taldea da, eta etxean jokatzen du. Fisikoki taldea ondo osatzea espero dut, egun eta erdian hori lortzea zaila bada ere. Buruz-eta indarra behar dugu. Ez gaude Koparen moduko txapelketak jokatzera ohituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.