Bizkaia Bilbo Basketek eta Lagun Arok apurtxo bat desorekatuta dagoen derbia jokatuko dute Miribillan eguerdian. Desorekatuta, etxeko taldea sasoiko puntu onenean dagoelako, ziur aski, eta aurkaria, Lagun Aro, bere tokia zein den jakin nahian, bere nortasuna finkatzen. Bilbo Basket sailkapeneko bosgarren postuan kokatu da azken bi norgehiagokak irabazita, eta koskak igotzen jarraitu nahi du, titulua lortzeko kanporaketetan abiapuntu hobea izateko. Lagun Arok lasaitasuna irabazi du, ligako azken partidan Manresa menderatu ostean. Jaitsieraren mamua behin-betirako urrundu dute Donostia aldean, eta litekeena da horrek taldeari orain arte eduki ez duen patxada ematea.
Patxadarik gabe, edo gauzak garbi eduki gabe dabilelako aspaldian Pablo Lasoren taldea. Modu samurragoan esanda, laurden batean nahiko txukun, eta besteetan trakets, erregulartasun bat lortu ezinik. Manresaren aurka 23 minutu txar egin zituen taldeak, batere bihotzik gabe, eta aurkaria jokaldi guztietan ematen ari zitzaion egurra izan zen jokalariak esnatu behar izan zituena. Esnatu zirelako atera zuten aurrera norgehiagoka, baina Bilbo Basket ez da Manresa, askoz talde hobea da, eta epelkeria, zabarkeria, gogor zigortzeko gaitasuna dute bizkaitarrek.
Jardunaldiak joan, jardunaldiak etorri, Katsikarisen taldeak zer nahi duen ikasi duelako, eta garrantzitsuagoa, hori lortzeko zer eta nola egin ikasi du. Fedea irabazi du. Agindua garbia da oso: egurra defentsan, presio itogarria aurkariari pentsatzen ez uzteko, eta ahal dela, trantsizioko joko azkarra egin. Joko horretan maisuetan maisua duelako Bilbo Basket: Aaron Jackson. Ez da joko antolatzaile peto-petoa, baina gabezia hori beste dohain batzuekin osatzen du. Azkarra da, geldiezina ia kontraerasoan, eta azken partidetan asko hobetu du jaurtiketetan. Adibide interesgarri bat: azken zazpi hirukoetatik sei sartu ditu.
Lagun Aroko nork defenda dezake, ordea, Jackson? Bistan da Salgado hankapean ibiliko duela estatubatuarrak: azkarragoa da, gihartsuagoa, eta jokalari hobea. Ritxi Uriz da alternatiba bakarra, baina Lagun Arok erasoan baliabide garrantzitsua galtzen du Salgado aulkian dagoenean. Izan ere Salgado Uriz baino askozaz trebeagoa da jokaldiak bukatzen, sistema ateratzen ez denean.
Jaurtitzaile beroak
Joko antolatzaile postuan bezala, erabakigarria izango da kanpoko postuetako borroka. Sua dauka hor Bilbo Basketek Janis Blums eta Kostas Vasileiadisekin. Sua zeukan Lagun Arok, Jimmy Baronekin, baina estatubatuarra antzututa dabil azkenaldian. Dabiltzala kontuz, dena den, etxekoak, Baroni metro erdi ematea akats arriskutsua izan bailiteke. Hegaleko peto postuan ere txinparta franko aurreikustendira Mumbru eta Pankoren artean.
Adi era berean saskipeko muturrekoei. Joaneko partidan, David Doblasek hankapean ibili zituen parean jarri zizkioten jokalari denak: Hervelle, Mavroeidis, Hernandez-Sonseca... Pentsatzekoa da hirukote horrek zorrotz aztertu duela nola murriztu Kantabriakoaren ekarpena. Bistakoa da, era berean, lehen itzuliko Doblas bikain hura, eta oraingoa, zeharo ezberdinak direla. Behera egin du bere jardunean pibotak.
Kontzentrazioak desorekatuko du balantza. Lagun Arok tentuz ibili behar du emandako baloi kopuruekin, Bilbo Basketek asko zigortzen dituelako aurkariaren akatsak.
BIZKAIA B.B.-LAGUN ARO
Txapelketa. ACB ligako 23. jardunaldia.
Bizkaia Bilbo Basket. Josh Fischer, Aaron Jackson, Blums, Paco Vazquez, Vasileiadis, Warren, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta Hernandez-Sonseca.
Lagun Aro GBC. Salgado, Ritxi Uriz, Lander Lasa, Jimmy Baron Jr., Alfonso Sanchez, Domen Lorbek, Panko, Doblas, Miralles, Tskitixvili eta Kone.
Sailkapena. Bilbo Basket 6. da: 13-9 (+93); Lagun Aro 13. da: 9-13 (-36).
Tokia. Bilboko Miribilla kiroldegia (8.500 ikusle).
Ordua. 12:30 (ETB 1).
Fedean dago koska
Bilbo Basketek sasoiko unerik gozoenean, eta lehen itzuliko derbiko ordaina hartu asmoz, jasoko du Lagun Aro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu