Bakarren batek egun honetara emaitza honekin iristea espero bazuen, zorionak, eguerdian Illunbeko zezen plazan jokatuko den neurketa benetan erakargarria delako. Lagun Aro, Endesa Ligan sasoitsuen dagoen taldea, eta parean, askorentzat Ligako talderik onena dena: Bartzelona ahaltsua. Beti da erakargarria Europako talde onenetakoa ikustea, baina horri etxeko taldeak bere historia laburreko lorpen potoloena esku-eskura duela gehitzen badiogu, ondorioa garbia da: giro aparta.
Klubean 7.500 eta 8.000 lagun arteko jendetza espero dute harmailetan. Ohiko zaleak eta hain ohikoak ez direnak erakartzeko ekinaldiak antolatu dituzte: haragi errearen eskaintza, besteak beste; eta oso litekeena da Ilunbek aspaldiko sarrera politena erakustea. Kopa jokatzeko aukera polita delako. Ez ahaztu Lagun Aro 2-8 balantzearekin zegoela abenduan, hondoa jota eta zalantza giroan murgilduta. Gaur, hilabete eta erdi geroago, dena da poza eta dena ospakizuna. Bai behintzat klubetik kanpo.
Klubean zuhurtasuna erabatekoa delako. Gehiegizko konfiantza keinu edo adierazpenak debekatuta daude. Kopari buruz esan beharrekoak, tonu apalean, eta topikoak erabiliz. Sito Alonsoren herenegungo prentsaurrekoa horren adibide: «Kopa bitarteko bat da, ez helburu bat». Bistakoa da jokalariek lorpen horretan, pentsatu, pentsatzen dutela, ezin dutelako kaleko giroaz urrundu erabat, baina pentsatzen dutena gordetzen asmatzen ari dira. Garbia da agindua: euforiarik ez, ez dugu ezer lortu.
Buruko indarrean garaile dira donostiarrak. Fedea irabazi dute azken bost garaipenei esker, baina nahikoa ote fedea Bartzelona handia menderatzeko? Kataluniarrak ez daude euren sasoirik onenean, hiru partida galdu dituzte dagoeneko Ligan, eta Juan Carlos Navarroren faltak ondorio zuzena eduki du: haien jokoa ilunagoa da, grisagoa. Eraginkorrak izaten jarraitzen dute, eta Donostian hanka batekin irabazteko gai dira, gauzak ondo egiten utziz gero, baina ez dute joan den sasoiko distira berezia. Hor indartzen da Sito Alonsoren taldearen hautagaitza. Hilabete eta erdi honetan zerbait erakutsi badute menderatzen zailak direla erakutsi dute. Puntu gutxiko partida aurreikusten da, defentsa zorrotzak, eta, alde horretatik, partida itsusi samarra.
Navarroren falta
Bartzelonak beti egin du defentsa bikaina Xavi Pascualek aginte makila duenetik, baina Navarroren falta are gehiago hobetu du haien zaintza lana. Jakin badakite erasoan zailagoa dela puntuak sartzea, eta behin-behineko hutsune hori estaltzeko, norberaren saskirako bidea ixtea baino ezer hoberik ez. Sada, N'Dong, Eidson, Vazquez... iaioak dira defentsan, eta barneraketa arrakastatsu bat burutzea lantegi zaila izango da. Mezua garbia da Panko, Vidal edo bi joko antolatzaileentzat. Erne txapelekin eta laguntza sistemekin. Emandako baloi bakoitza puntuekin zigortzen baitu Bartzelonak trantsizio azkarrekin.
Estatubatuarren arteko dema polita ikusi ahal izango da: Eidson, Mickeal eta Wallace Pankoren aurka. Jimmy Baronek ere azti ibili beharko du Sada eta Rabasedarekin, defentsan trebeak baitira biak. Netok ere Huertas herrikideari erreleboa hartzeko gogoa daukala erakutsi nahiko dio, eta Betts eta Doblasek ahal dutena egingo dute Europa osoko saskipeko joko onena duen pibot sortaren aurka. Bikote hori ondo aritu da azken asteetan, eta gaur ere erabakigarriak izango dira.
LAGUN ARO-BARTZELONA
Txapelketa. ACB ligako 15. jardunaldia.
Lagun Aro GBC. Neto, Salgado, Lasa, Jimmy Baron, Papamakarios, Mikel Motos, Vidal, Panko, Doblas, Ogide eta Betts.
Bartzelona. Huertas, Sada, Rabaseda, Ingles, Mickeal, Eidson, C. J. Wallace, M'Baye, Vazquez, Erazem Lorbek eta Boni N'Dong.
Sailkapena. 8. postuan dago Lagun Aro: 7-8 (+53). Bartzelona, aldiz, 2.a da: 12-3 (+149).
Tokia. Donostia 2016 Arena (10.600 eserleku).
Ordua. 12:30 (ETB 1).
Fedearekin nahikoa ote...
Lagun Arok aspaldiko partida garrantzitsuena jokatuko du Illunben Bartzelonaren aurka, harmailak lepo direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu