Banaka Grand Slameko hamazazpi titulu ditu Roger Federerrek (Suitza, 1981), baina oraindik ez dauka olinpiar urrerik, eta Londresen izango du hori erdiesteko aukera, finalean sartu baita, Juan Martin del Potrori (Argentina) 3-6, 7-6 eta 19-17 irabazita finalerdian, Wimbledonen.
Azkeneko setak bi ordu eta 43 minutuko iraupena izan du. Partidak denera, lau ordu eta 26 minutukoa; tenisean Olinpiar Jokoetako errekorra da iraupen aldetik. (partidako fitxa)
"Pozik nago, lehen aldiz emango diodalako Suitzari domina bat", esan du Federerrek. Del Potrok: "Horrela galtzeak min ematen du".
Federerrek orain arte banaka 2000ko Sidneyko Olinpiar Jokoetan lortu zuen emaitzarik onena: laugarren. Duela lau urte Pekinen binaka urrea irabazi zuen.
Grand Slamen artean zazpi Wimbledon ditu, bost AEBetako Ireki, lau Asutraliako Ireki eta Roland Garros bat. Gizonezkoetan hark du Grand Slam gehien.
Beste finalerdian Andy Murray (Erresuma Batua, 1987) nagusitu da, 7-5 eta 7-5 Novak Djokovicen (Serbia) aurka. Murrayk ez du Grand Slamik, ez olinpiar dominarik. Eskoziakoa da.
Igandean izango da finala.
Emakumezkoen finala, Xarapova-Serena Williams
Maria Xarapovak (Errusia, 1987). 6-2 eta 6-3 irabazi dio Maria Kirilenkori (Errusia), eta finalera sailkatu da. Grand Slameko lau titulu ditu Xarapovak, bakoitzetik bana. Olinpiar dominarik ez du, hauek baititu bere lehen jokoan.
Haren aurkaria Serena Williams (AEB, 1981) izango da. 6-1 eta 6-2 hartu du mendean Victoria Azarenka (Bielorrusia). Grand Slameko hamahiru titulu ditu —torneo denetan gailendu izan da; aurten, kasu, Wimbledonen—, eta Jokoetan bi urre dauzka, baina biak bikoteka: Sidneyn 2000n eta Pekinen 2008an.
Finala, larunbat honetan.