Felixek atzeratu egin du erretiro eguna, eta Urrezko Xistera jokatuz esango du agur

«Ez nuen nahi jendeak pentsatzea min hartuta nagoelako erretiratzen naizenik», adierazi du Berriatuko puntistak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kirol ibilbideari agur esan behar dion unean pilatu zaizkio arazoak Felix Espillari. Munduko Pilota Batzarraren binanako txapelketan hartu zuen min, finalerdietan. Finala jokatzea erabaki zuen, baina ez zuen bukatzea lortu, erabat eten zelako ongien ari zenean. Bazituen hainbat konpromiso bere agurrerako hitzartuak, baina herenegun egin zioten erresonantzia, eta zuntz haustura dauka izterraren atzealdean. Guztiz osatzeko hiru edo lau aste beharko dituenez, ezinezkoa zitzaion agurrekoak jokatzea.

Master Jai enpresak, ordea, beste aukera bat eman dio Felixi: Urrezko Xistera jokatzea. Abendua eta urtarrila bitartean jokatzen da urtero. Felixek erabat osatzeko aukera izango luke horrela, eta jokatuz agur esateko aukera ere bai. «Ez nuen nahi jendeak pentsatzea min hartuta nagoelako erretiratzen naizenik», nabarmendu zuen atzo Espillak berak. «Orain, ganoraz esango dut agur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.