Aukera gutxien duten bi gidariek osatu zuten atzo lehen lerroa 2010eko gidarien titulua erabakiko duen Abu Dhabiko proban. Sebastian Vettelek (Red Bull) urteko bederatzigarren pole-a poltsikoratu zuen, saio ona eginda. Haren aurkari nagusia ez zen Mark Webber taldekidea izan, Lewis Hamilton McLareneko gidaria baizik. Ingelesa autoari azken zokoetan errendimendua bilatu eta txapelketa baldintzatzeko moduan jarri da. Fernando Alonso (Ferrari) sailkatu zen hirugarren, eta Jenson Button (McLaren) laugarren. Mark Webber (Red Bull) atzean izango du Alonsok, bosgarren postuan.
Hemeretzi lasterketako denboraldia amaierara iristen ari da, eta Brasilen Red Bullek Autogileen Txapelketa irabazi ostean, gidarien titulua falta da soilik. Lau gidarik dute horretarako aukera, bakoitzak bere neurrian. Atzoko entrenamenduek argi utzi zuten gaurko lasterketa ez dela espero zen bezalakoa izango. Red Bullen paseo bakarti itxura zuena aldatu egin zen, ezusteko parte-hartzaileak azaldu zirelako. McLaren taldea ahaztuta zegoen kasik, azken lasterketetako emaitza apalek eraginda. Abu Dhabin atzeko aleroiari etekin hobea atera diote itxuraz, eta balantza batera edo bestera iraul dezakete.
Bakoitzak lasterketan egingo duenaren zain, Webberrek atzo ez zuen beharrezko maila eman. Bosgarren izan zen, eta Button du aurretik; Hamiltonen morroi izango da gaur. Vettelek ezingo dio ezertan lagundu Webberri azken hori horren urrun egonda. Eta Alonsok... jada jaso zuen laguntza Alemanian.
Fernando Alonso
Azken txanpa biribiltzera
Dotore hasi zuen Ferrarirekin estreinako urtea, Bahreinen irabaziz. Hortik aurrera, hutsek eta zorte txarrak eraginda, sailkapenean atzera geratu zen. Autoari egindako aldaketek ez zuten uste adinako emaitzarik eman, eta hasierako dirdira desagertu egin zen. Silverstoneko lasterketan joera aldaketa gertatu zen, nahiz eta emaitzak geroago iritsi ziren. Hortik aurrera berak lortu du puntu gehien; beste inork ez ditu bost lasterketa irabazi aurten.
Irabazteko aukera gehien duena da, eta lehen bi postuen artean amaituz gero, ez dauka kezkatu beharrik. Hortik atzera, sailkapenari so egin beharko dio. Atzoko entrenamenduetan oso emaitza ona lortu zuen, arriskutsuena atzean utzi baitzuen, tartean Button txertatuz, gainera. Aukera asko du txapelketa hirugarrenez irabazteko, batez ere burua hotz mantentzen dakielako halako egoeretan. Faborito nagusia da.
Mark Webber
Lehen eta azken aukera
Australiarra betidanik izan da1 Formulan miretsia, baita debuta egin aurretik ere. Debut hori Minardirekin egin zuen 2002an, eta ezaugarri bat zuen: sailkatzeak zirela bere indargunea. Atzo, ordea, une erabakigarrian kale egin zuen, are gehiago pole-a taldekideak lortu zuenean. Kanpotik itxura serio eta ziurra ematen badu ere, urduria da berez. Titulua jokoan dutenen artean zaharrena da, baina guztien artean lasterketa garaipena berantiarren lortu duena ere bai.
Webberrek titulua irabazi nahi badu, bederatzi puntu atera beharko dizkio, gutxienez, Alonsori. Vettelekin adi ibili beharko du, aldi berean, zazpi puntu soilik ateratzen baitizkio. Australiarrak irabaziz gero, Alonsok hirugarren edo atzerago amaitu behar du. Webber bigarren izanez gero, Alonsok seigarren edo atzerago, betiere Vettelek irabaziko ez balu. Kasu horretan, alemaniarra litzateke txapeldun. Aldiz, Vettelek aukerarik izango ez balu, ia-ia aitortu du Webberri lagunduko liokeela.
Sebastian Vettel
Egin apustu
Ia kiniela guztietatik kanpo dago, hamabost puntuko atzerapena duelako eta guztiek segurutzat jotzen dutelako azken itzulian Webberri paso emango diola behar izanez gero. Baina Vettelek ongi kalkulatuko du hori, irabazteko aukera urriagoak baditu ere, gauza batek erabat aldatuko lukeelako haren lana. Alonso ondo kokatuta dago, bai, baina Vettelek jai du, aipaturiko hamabost puntu horiek tarte handiegia baitira. Kasu horretan, taldekide jatorraren rola hartuko luke. Baina Alonsok arazoren bat izanez gero...
Hori gertatu, eta, adibidez, Alonso lasterketatik at geratuko balitz, automatikoki Webberren aurkari izango litzateke. Lasterketa irabaziz gero, Webberrek bigarren eginda ere, Vettel litzateke txapeldun. Puntuetan berdinduta leudeke, 256 punturekin, baina Vettelek garaipen bat gehiago luke. Beraz, Alonso lehian den bitartean, Vettel eta Webber lagunak izango dira. Espainiarrak huts eginez gero, Red Bullekoak aurkari. Edari energetikoaren ordez, saltsa.
Lewis Hamilton
Galtzeko ezer ez dauka
Hogeita lau puntuko pareta gaindiezina da McLarenekoarentzat. Alonsok puntuetatik kanpo amaitu beharko luke, eta hori praktikan erretiratzea litzateke. Baina besteak ere atzean utzi behar ditu, eta ez edonola, gainera: Vettel bakarrik onar dezake podiumean, betiere hirugarren postuan. Aukerak oso zehatzak dira, eta, aldi berean, bakanak. Ez du zer galdurik, horregatik guztia ematera aterako da, besteek baino gehiago arriskatuz.
Hamilton efektua, ordea, ezin da alboratu. Bere aukerengatik baino gehiago, besteen emaitzetan izan dezakeen eraginagatik. Vettelen parean aterako da, eta lehen bihurgunean ez du amore emango. Hortaz, lehen postua har dezake, eta, bide batez, Alonsori mesedea egin. Oraingo gutxi nork esango zuen elkarri lagunduko ziotela! Kontrakoa ere gerta daiteke, garaipena Webberrek lortuz gero, Hamilton Alonsoren aurretik gelditzea, hala titulua Australiara bideratuz. Seguru da garaikurrak ez duela McLarenen apal batean amaituko. Eragin, ordea, eragingo du.
Fernando Alonsok gertuago du titulua
Sebastian Vettelek lortu du 'pole'-a Abu Dhabiko Sari Nagusian, eta Mark Webber bosgarren besterik ez da izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu