Txirrindularitza

Fernando Gaviria izan da azkarrena Tourreko laugarren etapan

Ihesaldia azken kilometroan harrapatuta, esprintean erabaki da laugarren etapa. Gaviriaren (Quick-Step) atzetik izan dira Peter Sagan (Bora) eta Andre Greipel (Lotto Soudal). Greg van Avermaetek (BMC) jarraitzen du lider.

2018ko uztailaren 10a
07:15
Entzun

Guillaume Van Keirsbulck (Wanty), Jérôme Cousin (Direct Energie), Dimitri Claeys eta Anthony Perez (Cofidis) izan dira eguneko protagonista nagusiak. Etapa hasi eta 10 kilometro egiterako, bost minutuko aldea lortu dute. Zazpi minutuko aldea ere izan dute etapan zehar. Tropelak patxadaz hartu du etaparen zati handi bat. BMC taldeak egin du kontrol lana. Azken kilometroetan aldea murriztea asko kosta da, eta orduan agertu da urduritasuna tropelean. Gaviriaren Quick-Stepek gogotik egin du lan tropel buruan. Aldea, ordea, helmugatik 15 kilometrora 1.40koa zen oraindik. Pixkanaka hurbildu dira esprinterren talde gehiago tropel burura. Groupamak, Dimension Datak, Borak eta Quick-Stepek gogor egin behar izan dute lan iheslariak harrapatzeko. Helmugarako bost kilometroren faltan erorikoa izan da tropelaren erdigunean. Rigoberto Uran (Cannondale) eta Ilnur Zakarin (Katusha) etenda gelditu dira. Uran taldekideen laguntzaz berehala itzuli da pelotoira. Zakarinek ez du zorte bera izan eta bakarrik jardun behar izan du tropelari segika. Azken kilometroan sartzear zela harrapatu du pelotoiak ihesaldia. Maximiliano Richezek (Quick-Step) bikain egin du lan Gaviriarentzat eta kolonbiarrak ez du barkatu esprintean. Gutxigatik baina mendean hartu ditu Sagan eta Greipel. Gaviriak Tourrean lortzen duen bigarren garaipena izan da.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. Greg van Avermaetek jarraitzen du lider. Etapako galtzaile nagusia Zakarin izan da. Erorikoak harrapatu du eta bakarrik helmugaratu da 59 segundora. Orain liderrarengandik 1.51ra dago.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.