Fernando Alonsoren aurtengo lehen garaipenak balio handia du. Ziurrenik, ordea, txapelketan izango duen eragina da gutxienekoa. Batzuek txapelketaren berpizkundea goratzen dute, baina ezin da horren itsua izan. Txapelketa ez da amaitu, eta matematikoki D'Ambrosiok ere irabaz dezake oraindik. Vettelek bigarren amaitu zuen herenegun, eta horrela min gutxi egiten dio Alonsok. Hala ere, Alonsoren garaipenak zer pentsatu ematen du.
Lehenengoa, Alonsok egindako lasterketa paregabea. Espainiarrak bere unea aukeratu zuen erritmoa bizitzeko eta aurkariak atzean uzteko. Red Bulleko mekanikariek lana erraztu zioten geldialdi mantsoak eginda, eta hortik aurrera handitu egin zen. Aurten lehenbizikoz, Vettelek ezin izan zuen haren erritmoa berdindu. Alonsok toki txarrean utzi du Massa, eta berdin da zein zirkuitu edo eguraldi baldintzatan gertatu. Espainiarrak birrindu egin du Massaren irudia, bai iaz eta bai aurten. Baina herenegunera arte, biek «zero garaipen» zituzten laukitxoan.
Ferrarik hobera egin du, ezin da ukatu. Valentzian bigarren izan zen Alonso, Vettelengandik hamar segundora. Monakon ere bai, segundo eskasera. Hor egon da azken lasterketetan. Horrela ikusita, ez luke harritzekoa izan behar azkenean irabazi izanak. Bi arrazoigatik da esanguratsua, ordea. Batetik, Silverstonen gertatu delako, benetako zirkuitu batean azkenean. Monako, Kanada eta Valentzia bihurgune azkarrik gabeko zirkuituak dira, aerodinamikak beste modu batean eragiten duena. Silverstonek indar aerodinamiko handia duten autoak saritzen ditu; Red Bull nagusi den arloan, hain zuzen ere.
Bestetik, Sebastian Vettelek ezin izan zuelako erantzun. Igandera arte bi lasterketatan gainditu zuten: Txinan eta Kanadan. Biak desberdinak izanda ere, arrazoi jakin batek eragotzi zion irabaztea bietan. Silverstonen, ordea, Alonsok aurrea hartu eta haren erritmoari jarraitu ezinda aritu zen. Amaieran, KERS arazoengatik gehiago atzeratu bazen ere, lehia garbi galdu zuen.
Arau aldaketek Ferrariri lagundu izana ere baliatu du Alonsok. McLaren eta Red Bull izan dira aldaketa horiek gehien pairatu dutenak, eta gora egin duena Ferrari izan da. Horregatik mantendu nahi zuen, Sauberrekin batera, FIAk Silverstonerako prestatu zuen arau aldaketa. Baina beste talde guztien presioaren eraginez, Valentziako egoerara itzuliko da guztia. Vettel pozik egongo da lehengora itzuli horrekin, denboraldia luzea bada ere. Alemanian da hurrengo lasterketa, Hockenheimen ez —Alonsoren garaipena ezagutu zuen zirkuitua—, baizik eta Nuburgringen. Ferrarik erakutsi du berandu bada ere erreakzionatzen dakiela. Alonso irabazten hasi da, eta aurrerantzean ere hala ibiliko da. Titulua? Ez, horrek badu jabea.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu kanal hau:
http://kanalak.berria.info/ 1formula
Ferrari beti itzultzen da
Fernando Alonsok lehen garaipena lortu du autoaren hobekuntzari esker, baina zail izango du sailkapena iraultzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu