Txirrindularitza. Italiako Giroa

Ferrariak ez dira seguruak

Roberto Ferrarik hankaz gora bidali ditu Mark Cavendish eta Taylor Phinney, eta Matthew Gossek aise irabazi du esprintaTropelak atseden eguna izango du gaur, Danimarkatik Italiara arteko bidaia egiteko

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ez Fernando Alonso, ez Felipe Massa eta ez Roberto Ferrari. Hirurek ere ez daukate askorik segurutik. 1 Formulako txapelketa hasi eta lider jarri zen Alonso, egia da hori. Baina espainiarrak berak ere ez daki oraindik nola lortu zuen balentria hura, Ferrari autoa ez delako batere segurua. Massaren kasua larri samarra bihurtzen ari da jada, ez delako gai taldekidearen parera gerturatzeko, eta oso nekez pilatzen dituelako puntuak. Baina bi gurpil ditun Ferraria da guztietan arriskutsuena: Roberto Ferrari (Androni). Italiarra saiatuko da azaltzen esprintari ekin eta eskuin aldean ikusi zuela zuloa; han agertu zitzaiola garaipenerako bidea. Baina zentzurik gabeko mugimendu harrigarria egin zuen Italiako Giroko hirugarren etapako esprintean, Horsensen (Danimarka).

Ondorioa? Mark Cavendish (Sky) eta Taylor Phinney (BMC) lurrera joan zirela, eta kolpe handia hartu zutela. Bizikleta sorbaldan hartuta helmugaratu zen bigarren etapako garailea, Cavendish; eta anbulantzian sartuta Giroko liderra, Phinney. Lehen azterketen arabera, ez dauka hautsirik estatubatuarrak, baina beste inork baino gehiago eskertuko du gaurko atseden eguna. Atsedenetik gutxi edukiko duen eguna, Danimarkatik Italiara arteko bidea egin beharko dutelako denek. Zauriak sendatzeko baliatu beharko dute esprinterretako batzuek, atzo Cavendishi gertatu zitzaiona gertatu zitzaiolako Theo Bosi (Rabobank) herenegun. Tentsioaren eta mugimendu arriskutsuen ondorioak dira horiek.

Matthew Gossek (Greenedge) eskertu zuen gehien Cavendishen erorketa, Man uhartekoaren erorketak asko erraztu ziolako garaipena. Egiari zor, baldar antzean ibili ziren Sky taldea eta Cavendish bera esprintaren prestaketa lanean, eta, lekurik topatu ezinik, urduri antzean ekin zion esprintari herenegungo irabazleak, atze-atzetik. Potentzia handiarekin, azkar hartu zuen aurreko boskotearen gurpila, baina orduantxe iritsi zen Massarengan hain ohikoa den Ferrari baten mugimendu arraroa.

Aurreko gurpilarekin italiarraren atzeko gurpila jo zuen Cavendishek, eta hankaz gora joan zen. Galga hotsa, txirrindulariren bat britainiarraren gorputz gainetik aurrera, Phinney liderra bera ere lurrera... Denek ere ez zuten oso gau ona pasatuko; ez Ferrarik, ezCavendishek, ezta Phinneyk ere. Okerrik ezean, Giroan jarraituko dute azken bi horiek. Ferrari, berriz, sailkapeneko azken postura bidali zuten epaileek —bederatzigarren helmugaratu zen—.

Minguez, ihesaldian

Azken orduko erorketaren aurretik, etapak ez zuen sekretu handirik izan. Wouter Weylandt zenari omenaldi hunkigarria egin zion tropelak Horsensetik abiatu aurretik, eta epaileak banderatxoa astintzearekin batera joan ziren ihesean sei txirrindulari: Miguel Minguez (Euskaltel-Euskadi), Ramunas Navardauskas (Garmin), Martijn Keizer (Vacansoleil, Reto Hollenstein (NetApp), Alfredo Balloni (Farnese Vini) eta Mads Christensen (Saxo Bank). Hori bai, tropelak une oro 3-4 minutuko langatik gertu, kontrolpean izan zuen seikotearen aldea.

Sky, BMC, Lampre eta Liquigas tiraka jartzea nahikoa izan zen aurrekoen aldea ezerezean uzteko, eta Christensenen azken ahaleginak, eta Lars Ytting Baken (Lotto) erasoak ere ez zuten arrakastarik izan. Bezperan ez bezala, ordea, Skyk ez zuen lortu tropela luzatzerik, eta amaiera aldrebesaren lehen pausoa besterik ez zen izan hori. Ferrarik egin zuen gainerakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.