200. pole-a eman zion atzo Kimi Raikkonenek Ferrariri, eta, bide batez, mesede ederra egin bere buruari. Azken bi lasterketetan esku-hutsik itzuli da, bietan ere istripuen erruz. Massak neurria hartua ziola zirudien, baita atzo Q1 eta Q2 saioetan ere. Saio erabakigarrian, aldiz, erraz nagusitu zen finlandiarra. Massa izango du lerrokide, eta Alonso bien atzean, Renaulten etxeko lasterketan.
Nahitaezkoa da lasterketa honen ingurukoez aritu aurretik Kanadakoa gogoratzea. Izan ere, Hamilton eta Raikkonen kalera joan ziren, lehenak bigarrena atzetik jo ostean. McLareneko ingelesari hamar postuko zigorra ezarri zioten, eta horregatik, atzo hirugarren egin bazuen ere, hamahirugarrenetik ekingo dio. Kovalainen taldekideak ere zigorra jaso zuen, baina atzoko saioan Webber trabatzeagatik. Bost postu atzeratu du FIAk haren irteera posizioa.
Guztia bere bidetik doa 1 Formulan, eta garraiolarien grebak ez du eraginik haiengan. Izan ere, grebaren egunetan Bartzelonan izan ziren probak egiten talde guztiak, Force India izan ezik. Baina horrek ez du esan nahi grebarik ez denik. Izan ere, aurten FIAk gidarien lizentzia garestitu egin du, eta aurreko denboraldian lortutako puntu bakoitzagatik bi mila euro ordaindu behar ditu gidari bakoitzak, balio finko batez gain.
Honen inguruan gidari guztiak batu egin ziren, protesta egiteko. Greba hitza ere oso sendo entzun da, baina horretan ez dira ados jarri. Egitekotan, hurrengo sari nagusia -Ingalaterrakoa- boikoteatu asmo zuten. Gidari batzuek publikoki agertu dute neurri hori ez dutela bultzatuko, baina zurrumurrua atera baldin bada, aldeko jarrera bat baino gehiago izan delako atera da.
Raikkonenek ez du greba egin asmorik, eta hala balitz, japoniarren greba modukoa aukeratu du: ahalik eta lan gehien eginda. Bere aurkari nagusiak Massa eta McLaren autoak dira, baina bidea garbitu diote azken horren kasuan. Podiumek lehen bi atalak hartuta daude hortaz, Ferrariko gidarien artean. Hirugarrena nork beteko? Alonsok bere burua aurkeztu du horretarako, hasi behinik behin hirugarren tokitik egingo delako. Litekeena da hala bukatzea, aurkariek ez dutelako oso estu hartu orain artean. Haren kezka nagusia autoa bera izango da, Renaultek dezente huts egin baitu azken lasterketetan.
Kubica, bosgarren
Aurreko lasterketako irabazlea, Robert Kubica, bosgarren aterako da, atzo zazpigarren denbora lortu bazuen ere. Kezkatuta agertu zen atzo, aurreko bi taldeetara gerturatu baino gehiago atzekoak gerturatzen ari zaizkiela nabari baitu. Atzo, behintzat, hala gertatu zen, Renault, RedBull eta Toyotaz inguratua baitago.
Aipagarria da Honda taldearen lan lotsagarria. Force Indiagatik ez balitz, haiek izango ziren azkenak. Denborak oso estuak dira Frantzian, neurri batean zirkuitoa motza delako, baina oso argi erakusten du taldeen ordena zein den, eta Honda azkenetakoa da. Aurrena, Ferrari. Nagusi agertu dira orain arte, eta gaur Raikkonen edo Massa igoko da gorenera. Soilik faktore bat dago kontrolatu ezin dutena: euria. Eta gaur tarteka euria egingo omen du.
Ferrariak, lehen lerroan
Raikkonen eta Massa irtengo dira gaur lehen lerrotik, eta McLaren autoak atzean geratu dira, zigortuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu