Ferrariren esperantza berria

Italiako taldeak Bridgestone pneumatiko berriak erabiliko ditu bihar, Australiako Sari Nagusian

Laurentzi Garmendia
2006ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Australiako Sari Nagusia izan ohi zen 1 Formula denboraldiari hasiera ematen ziona, baina aurten Melbournenjokatu diren Commonwealth Jokoek data aldaketa behartu dute. Hala, urteko hirugarren hitzorduaren lekuko izango da Melbourne hiriko Albert Park zirkuitua. Europara itzuli aurretiko azken lasterketa izango da, galdera zehatza erantzuteko balio behar duena: gauza al da inor Renault gainditzeko?

Urteko lehen bi lasterketetan Frantziako taldeak ezarri du erreferentzia maila. Lasterketa bakoitzean izan dituzte aurkariak, baina garaipenak eztabaidaezinak izan dira. Gainerakoen esperantza zera da, tarteak ez direla handiegiak izan eta edozein faktoreren aldaketak emaitzan eragina izan dezakeela. Garaipena garesti dagoela ukaezina da, kontuan izanda Bahreingo Sari Nagusian, azken lasterketan, Fernando Alonsok segundo eta erdi atera ziola Michael Schumacherri, eta Malaysian, lehen proban, Jenson Buttonek Renaulteko gidariengandik (Giancarlo Fisichella eta Alonso) bost segundora amaitu zuela .Oraingo honetan, Australiako lasterketa irabazteko gizonen artean Renaulteko gidariez gain zerrenda ez da oso luzea. Honda taldea esfortzu handia egiten ari da denboraldi hasiera honetan, baina Japoniako taldeko gidariak garaipenetik gertu egonda ere ez baitira hura lortzeko gai izan. Buttonek eta Rubens Barrichellok badakite une hau aprobetxatu behar dutela, ez baitute gerora hor mantenduko diren bermerik. Baina beste taldeekin alderatuz, Hondan desoreka handia dago bi gidarien artean: Button eroso ari da. Barrichello, aldiz, ez da gauza izan berak dakien bezala gidatzeko.Historikoki, McLaren ere ongi moldatu da Melbournen, baina azken urteetan denboraldiari emandako hasiera kaskarrak direla eta, ez du urtearen erdialdeko lasterketetan duen mailaren parekorik eman. Aurten beranduago izanik, eta sendotasuna baduela ikusirik, podiumetik gertu behar du, batez ere Raikkonenekin. Montoya pattal dabil eta gehiago du burua hurrengo urterako bolantea bilatzean, autoa azkar gidatzean baino.

Ferrari da Alonsoren kezka nagusia

Alonsok, aldiz, Ferrari jo du euren aurkari nagusi biharko lasterketarako. Azkeneko zazpi urteetan, Ferrarik bost aldiz irabazi du zirkuitu honetan, azkenekoz duela bi urte Schumacherrekin. Italiako taldeko Felipe Massak berak aipatu du urteko lasterketarik onena izango dela Ferrari autoarentzat. Aste honetan bertan Fioranon (Italia) buru-belarri lanean aritu da taldea Luca Badoer probalariarekin, pneumatiko berriak aztertzen.

Pneumatikoak, horixe daFerrariren armarik berriena, eta orokorrean Bridgestone pneumatikoak erabiltzen dituzten talde guztiena. Japoniarrek konposatu berria atera dute, tenperatura hotzagoetan errendimendu hobea ematen duena. Hori oso garrantzitsua da Europan jokatuko diren lasterketetan, orain artekoak baino tenperatura baxuagoan korrituko baitira. Hori gutxi balitz bezala, sailkatze-entrenamenduetan ere, itzuli azkarra berehala behar denean pneumatikoek nahiko tenperatura lortzeko astirik ez dutela mesedegarri izango dira Bridgestone pneumatiko berriak.Ferrari ez da izango Bridgestoneen aurrerapauso hori baliatuko duen bakarra, Williams eta Toyota ere abantaila horretaz baliatuko dira. Toyota ez dago oraindik aurrean egoteko moduan, baina Williamsek badu Ferrariri aurre egiteko abiadura eta talentua. Malaysiako Sari Nagusian sendotasuna falta izan zuten Williams autoek, baina Australian podiuma ez dute urrun izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.