Europako Liga ez da sari txikia. Zilegi da zaleak zapore gazi-gozoa edukitzea, baina Europako bigarren txapelketa ezin da gutxietsi, are gehiago Txapeldunen Ligatik erori diren taldeei erreparatuta. Argi dago ez dela Txapeldunen Liga bezain ponposoa, baina ez da denbora oso urrun joan behar Europako Ligak ilusioa sortzeko dituen arrazoiak aurkitzeko. Horregatik da garrantzitsua atzoko partidan lorturiko garaipena. Are garrantzitsuagoa Athleticek txapelketa berriari zerrendaburu bezala ekingo diola jakinda, eta lehen kanporaketa itzulerako partida San Mamesen jokatzeko eskubidea izango duela. Beraz, festa ez da bukatu oraindik, eta,athleticzale fidela otsail erdi aldean —lehen kanporaketa 19an eta 26an jokatuko da— lanean egun libre batzuk eskatu beharren dago Europan barrena joateko.
Sasoiak aurrea egin hala Athleticek hobera egiten ari dela agerikoa da, eta atzo etxeko lehen garaipena lortu zuen Txapeldunen Ligan. San Mames lepo bete egin zen eta eliztiarrek zer ospatua izan zuten. Zuri-gorriek multzoko azken unean hartu diote neurria Txapeldunen Ligari eta atzo bat baino gehiago oroitu zen Borisoven galduriko partidaz. «Orduan irabazi izan balu...», «hiru puntu gehiago lortu balitu...» Baldintzazko aditzek, baina, ez dute balio futbolean.
Borisoven BATE hobea izan zen, sinesgaitza dirudien arren.
Atzo, baina, Athleticek partida hura istripua izan zela erakutsi zuen, eta bere hierarkia inposatu zuen zelai gainean. Berdinketak balio zion Bilboko taldeari baina agindua irabaztea zen. BATEk, gainera, arrisku gutxi sortu zuen eta etxekoen jarrera oldarkorra elikatu zuen. Gola, baina, bigarren zatira arte ez zen iritsi, eta ez Athleticek arriskurik sortu ez zuelako. Area ertzeraino iritsi zen, baita zortzi jaurtiketa egin ere lehen zatian, baina golik ez. Agerian gelditu zen Aduriz ez dagoenean taldeak duen gabezia.
San Jose, beste behin
Jokoak golik ematen ez duenean geldikako jokaldiak dira Athleticen eraso iturri oparoena. Atzo hala gertatu zen berriz, eta, beste behin, Mikel San Josek bidali zuen baloia sareetara (47. min). Erdiko atzelariak sen berezia du golerako, eta toki egokian zegoen Markel Susaetaren kornerra errematatzeko. BATEren defentsa gaizki egin zen zaintza lanean eta golak giroa lasaitu zuen.
Husnakoaren zama gainetik kenduta Athleticek are kontrolpeago izan zuen partida. Minutuak aurrera egin ahala BATEk ere behera egin zuen. Bielorrusiako liga bukatu da eta jokalariek atzo bertan hartzen zituzten oporrak. Batek baino gehiago behar baino ordu erdi lehenago hartu zituen. Partidaren amaiera zozoa izan zen, baina zaleek emaitza ozen ospatu zuten. Bigarren gola bukaeran iritsi zen (87. min). Susaetarena izan zen, sasoiko aurrenekoa. Erdilaria ez da denboraldi ona egiten ari, baina atzo garrantzitsu sentitu zuen bere burua. Ondo etorriko zaio, taldearen jokoak bere kalitatea behar du.
Athleticekin zozketan
Athleticek astelehenean ezagutuko du hurrengo aurkaria, eta aukera posibleen artean Txapeldunen Ligako multzoetako lau hirugarren sailkatu txarrenak daude. Multzo horretan sona handi eta iragan oparoko taldeak daude: Liverpool, Erroma, Ajax eta Anderlecht. Hirugarren sailkatu onenak, aldiz, Zenit, Olympiakos eta Sporting Portugal izan dira.