Espainiako Ligako zauriak sendatzeko asmoz zelairatuko dira gaur Reala eta Athletic Anoetan, denboraldiko neurketarik erakargarri eta berezienetarikoan. Aproposena ziur, partidaren nortasunak berez eragingo lukeen baikortasun bultzadagatik ez ezik, geldialdi aurreko garaipenak ere ezin baliagarriagoak baitira futbolaz soilik hitz egiteko. Lasaitasunaren aterpea eraikitzen jarraitzeko puntuz puntu Zubietan eta Lezaman.
Realak Mallorcako (Herrialde Katalanak) urratuak josi behar ditu derrigorrean. Defentsa lan zorrotzagoarekin. Erraztasunik eman gabe. Eta batik bat, eragingarriago izanik. Ez dago Anoetara gala jantziak eramateko beste modurik. Gauekoak ez, kontuz, ez dadila inor nahas. Goizeko hamabietan hasiko baita festa. Garai txarrean. Nola ulertu, bestela, «sarrerak amaitu dira» dioen karteltxoa ez irakurri izana txarteldegietan, ez Anoetan ez San Mamesen. Atarikorik gabe, motel samar geratu da derbia, lehengo urtekoak izan zuen grinarik gabe. Jarraitzaileen kalterako,beste behin. Edozein kasutan, sarrera dotorea izango da. Koloretsua. Zaratatsua.
Joan den denboraldiko lehiarekin alderatuz, Fernando Llorenteren izena ez da bereziki aipatu Zubieta inguruan. Sailkapenak, Marcelo Bielsak eta Iker Muniainek itzal egin diote aurrelari trebearen protagonismoari. Horrek eta aspirina efektuak. Sendagai ospea egotzi diote Realari. Oker dabilena zuzentzen duela alegia. Urrutira joan gabe, Mallorcaren buruko mina arindu zuen aurreko asteburuan. Jokalariak sutu egiten dira kontu horrekin. Euren esku baino ez dago izen beltz hori garbitzea.
Horrez gain, hitz-aspertuan aritu dira gipuzkoarrak, sailkapenari kasurik ez egiteko eskatuz. Zuri-gorrien balioa islatzeko tresna traketsa omen. Are eta gutxiago derbi batean. Parentesia ireki behar baita halako norgehiagoketan. Indarrak parekatu egiten dira, bataren eta bestearen boladak desagerraraziz. Indarra, bizitasuna, urduritasuna, kalitate falta, txartelak, aukera gutxi... Osagai horiez eginak izaten dira derbiak. Emozioa soberan, ikuskizuna faltan. Hain zuzen ere, Philippe Montanierren futbol proposamenaren kontrakoa. Hori dela eta, pentsatzeko da Reala ez dela Athleticek zer egingo zain geratuko. Ekimena izan nahiko dute, neurketari kirtenetik helduz. Frantziarraren joko araua da.
Estreinakoz, Llorenterekin
Vela eta Ifran kili-kolo izanik, ez dira gaurko partidako deialdian sartu. Mexikarrak lehenago ere arazoak izan zituen, eskuin belauneko bihurritu batengatik, eta ez zaio oinazea guztiz joan. Uruguaitarrak, berriz, lepo inguruan hartu zuen min ostegun goizeko entrenamendu saioan, eta hala moduz iritsi da asteburura. Gaitz asko; onerako, pentsatuko zuen entrenatzaileak kasu horretan. Horregatik itzuli baita Joseba Llorente. Hondarribiarra amorratuta izango da ziur, Montanierren pentsamoldeetan oraingoz ez duelako tokirik egitea lortu. Horrek ez du esan nahi garrantzitsu izateari utzi dionik talde barruan, ezta gutxiagorik ere. Lesio gaiztoa gainditu du, latza, eta orain pedal kolperik egokiena topatzen ari da entrenamenduetan. Behar-beharrezko dituen lehiaketa minutuak izateko. Gutxienez, berdegunea usaindu beharra zeukan. Jokalari sentitu berriz, harmailatik aulkirako bidea eginez. Nortasun handiko mutila izaki, ingurukoak motibatu eta zirikatzeko lanak inork baino hobeto egiten ditu. Eskertuko dute hura aurrean izatea hasieratik ariko direnek.
Horien artean, Griezmann azalduko da. Velaren tokia beteko du erasoko ezker hegalean. Frantziarrak onartu zuen Zubietako mikrofonoetan zapuztuta egin zuela Mallorcatik etxerako buelta hasieratik ez aritzeagatik. Bikoiztutakoa da liga hasieran Griezmannek egindako lana, jatorrizko bertsiotik urrun. Teknikariek diotenez, bigarren itzulian hasiko omen da pilatutako nekea antzematen. Beteta egon edo ez, itzalita dago. Triste egongo balitz bezala. Berpizteko aukera ederra izango du gaur. Gauzak hala, Bartzelonaren kontra hasieratik aritu ziren berak zelairatuko ditu Montanierrek. Estrada, beraz, aulkian geratuko da, Carlos Martinezen mesetan.
Zuri-gorriak, indartuta
Futbolean asko aldatzen dira gauzak egun batetik bestera. Partida batetik bestera zehatzago esanda. Interpretazio oso ezberdinak egiten dira azken norgehiagokako emaitzaren arabera. Athleticen gertatu da hori asteon. Vila-realen kontra berdindu ostean etsipena zen nagusi zuri-gorrien artean. Ligako bosgarren partidan irabazitako bigarren puntua ez zen taldea eta ingurua lasaitzeko nahikoa izan. Egoera gaitz horrek eragiten duen urduritasunarekin egin zion aurre Athleticek Paris Saint-Germaini. Ondo egin aurre, gainera. Zuri-gorriek merezita irabazi zuten. Une batzuetan lan ona eginez.
Eta azken emaitzak balio duenez, duela lau egun beltza zena zuria da egun. Lezamako ateetatik kanpora egiten diren balorazioak ez lukete barruan daudenen ikuspuntua aldatu behar. Ez onerako, ez txarrerako. Azken emaitzak erakusten duena baino sakonagoa izan behar da profesionalen azterketa. Zelaian gertatzen ari denak bultzatuta egindako azterketa egin beharko lukete. Soropilean gauza onak eta horren positiboak ez direnak ari da erakusten taldea. Azken bi neurketetan onak txarrak baino ugariagoak izan dira. Badirudi, pixkana-pixkana Marcelo Bielsak taldean ezarri gura duen jokatzeko eredua barneratzen ari direla futbolariak. Mekanizatzen ari dira argentinarrak eskatzen dituen mugimenduak. Piezak behar den moduan lotzen hasi direla, alegia. Baloiaren jabe denean arriskua sortzeko gai dela erakusten ari da Athletic. Jokalarien mugimenduak etengabeak dira, eta, neurketak jokatzen ari diren neurrian, jokalariek hobeto ulertzen dute elkar. Futbol ausarta eta azkarra egiteko gai dela erakutsi du Athleticek zenbait unetan. Lastima da makina horretan lekuz kanpo dagoela izar nagusia. Llorente agertzea falta da. Olio gehiago bota beharko zaio pieza nagusiari.
Hala ere, ez da Llorenteren ekarpen eskasa Athleticek egun duen gabezia bakarra. Baloiaren jabe ez denean egiten duen lana ere aztertzekoa da. Ez dabil fin. Egungo Athletic kapaz da jokaldi batean edo bitan aurrez minutu askotan egindako behar guztia ezerezean lagatzeko. Huts larriak egiten ditu. Banakakoak eta taldekoak. Eta jakinekoa da zer gertatzen den maila gorenean kontrarioari aukera onak emanez gero: garesti ordaintzen da. Konpondu beharreko kontua da. Lehenbailehen, astirik galdu barik. Puntu premia baitauka Athleticek. Baina, garaipen beharra da, hain zuzen ere, lasai jokatu eta hutsak konpontzeko ahaleginean oztopo nagusietako bat. Premiak tentsioa eragiten baitu. Urduritasuna. Eta zuri-gorriek badakite gaur ezin dutela huts egin. Bestela, oso luzeak izango lirateke partida bariko hurrengo aste biak.
Bielsak joko sistema ezberdinak erabili ditu orain arte. Aurkariaren erasoko jokoren arabera bi erdiko atzelarirekin edo hirurekin jokatu du. Gaur litekeena da birekin aritzea. Baina inork ez dezala pentsa era batera edo bestera jokatuta, Athletic aurkaria egiten denaren arabera ariko denik. Egungo Athleticen ezaugarri nagusietako bat da etxean zein kanpoan jokatu, lehen minututik egiten duela aurrera. Ez da kikiltzen. Beti du garaipena jomugan. Anoetan ere hala izango da. Beste kontu bat izango da zelaian nagusitzeko gai izango den ala ez. Hamaikakoari dagokionez, Vila-realen kontra erakutsi zioten txartel gorria tarteko, Ekizak ez du jokatuko. Atzelari nafarra sasoian dago, beraz, eta handia izango da haren falta. Javi Martinezek ordezkatuko du, eta Gurpegik Aiegikoaren tokia hartuko du zelai erdian. Zalantzan dago Muniain hasieratik ariko den. Oraindik ez da erabat osatu ostegunean hankan jaso zuen kolpeaz, eta Bielsak atzo argi utzi zuen ez duela arriskatuko.
Festa, garai txarrean
Ezohiko ordutegian eta espero baino ikusmin gutxiago piztuta jokatuko dute gaur Realak eta Athleticek derbia AnoetanTxuri-urdinek eta zuri-gorriek garaipena behar dute sendotasuna lortu bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu