Eibarrek ezin hobeto ekin dio ligako bigarren itzuliari. 5-1 irabazi dio gaur gauean Ipuruan Granadari. Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldeak laugarren garaipena du jarraian, eta horri esker, Europako postuetara kateatuta jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, seigarren postuan da, 33 punturekin. Puntu bat goitik du Celta, eta puntu bat behetik Sevilla. Esku-eskura du sasoiko helburu nagusia lortzea: mailari eustea. Aurreko sasoian, adibidez, 35 puntu bildu zituen Eibarrek liga osoan, 38 partidatan. Sasoi honetan, berriz, 33 ditu jada, eta hogei partida besterik ez ditu jokatu. Datu benetan adierazgarria da hori.
Granada izan da Eibarrek mendean hartu duen azken taldea. Espainiako taldeak ordu erdiz izan da gai etxekoei eusteko. Lehen zatiko azken hamar minutuetan, ordea, Inuik eta Enrichek sartutako golek bideratuta utzi dute garaipena Eibarrentzat. Bigarren zatia hasi eta hogei minutura, berriz, El Arabik aldea murriztu du. Gutxi iraun du, ordea, tentsioak, hurrengo hamar minutuetan hiru gol sartu baitituzte etxekoek: Enrichek lehena, eta Borja Bastonek beste biak —hamabi gol daramatza jada ligan—. Partida amaieran, poza Ipuruan. Garaipen honek indar asko emango die eibartarrei igande honetan San Mamesen jokatu beharreko derbiari begira.