Egoera baretu ezinik dabiltza FIFAn. The New York Times egunkariak aurreratutakoa baieztatuta, Suitzako Poliziak eta Justizia Ministerioak jakinarazi dute FIFAko bi goi kargu atxilotu dituztela gaur goizean Zurichen, joan den maiatzean zazpi buru atxilotu zituzten leku berean. Iruzurra eta salerosketa leporatu dizkiete bi arduradunei. AEBetako hainbat komunikabideren arabera, Alfredo Hawit hondurarra eta Juan Angel Napout paraguaitarra lirateke atxilotuak, FIFAko presidenteordeak biak. Berri agentzia horien arabera, Hego Ameriketan futbol txapelketak zabaltzearekin eta Munduko Koparako sailkatze partidak jokatzearekin zerikusia daukaten marketin eskubideak saltzearen truke dirua onartu izana leporatzen diete biei.
AEBek joan den azaroaren 29an eskatu zuten FIFAko bi buru horiek atxilotzea, eta estradizio eskaera ere egin dute gerora. FIFAko batzorde betearazlea atzotik batzarra egiten ari da Zurichen, eta, atxiloketak gorabehera, aurreikusita zeukaten planari eutsiko diotela argitu dute bertako ordezkariek.