Ustelkeria futbolean

FIFAko hainbat goi kargudun atxilotu dituzte Suitzan

Oraingoz sei lagun atxilotu dituzte Zurichen, baina operazioa zabalik dago. The New York Times egunkariaren arabera, AEBetako epaitegien aginduz atxilotu dituzte. Diru zuriketa egozten diete.

FIFAren egoitza, Zurichen. ALESSANDRO DELLA BELLA / ARGAZKI PRESS
2015eko maiatzaren 27a
08:25
Entzun

Nazioarteko Futbol Federazioa (FIFA) urteko batzarra egiten ari zen Suitzan, baina eten egin behar izan dute polizia operazioa tarteko. Berri agentzien arabera, oraingoz sei lagun atxilotu dituzte. FIFAko presidente Joseph Blatter ez dago atxilotuen artean. Bai, ordea, Jeffrey Webb zuzendaritza batzordeko presidenteordea, Eugenio Figueredo iaz arte CONMEBOL Hego Amerikako Konfederazioko presidentea zena eta Jack Warner CONCACAFekko Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Futbol Erakundeen Konfederazioko presidente izandakoa, 1990etik 2010era. Akusatu gehiago ere badaudela jakinarazi dute, baina atxiloketen unean ez zeuden Zurichen. Operazioa zabalik dago.

Suitzako Poliziak egin ditu atxiloketak gaur goizean. New Yorkeko Fiskaltza ari da FIFAko goi karguen jarduna ikertzen. Suitzako Ministerioak azaldu duenez, atxilotuei egozten diete 1990eko hamarkadaz geroztik ustelkeria eskema batekin lotura izatea. Gutxienez, 100 milioi dolarretik gora zuritzea leporatzen diete.

Fiskaltzaren arabera, diru zuriketa horiek AEBetan prestatu izan dituzte eta hango bankuen bidez eraman dituzte aurrera. Hori dela eta, atxilotuak AEBetara estraditatzeko eskatuko dute hango epaitegiek. 

Ostiral honetan zen egitekoa FIFAren kongresua, presidentea aukeratzeko. Blatter bosgarrenez jarraian aukeratzea espero zen, baino ikusteko dago zer gertatuko den gaurko atxiloketen ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.